Leire Arriola: "Arraunketa eta detaile txikiak zuzentzeko lanean jarraitu behar dugu"

Karkara 2019ko uzt. 22a, 14:05

Arraun bat gutxiagorekin ere estropada irabazteko kapaz direla erakutsi dute Orioko neskek. Talde gisa erreakzionatu eta lanean jarraitzeko gogoz daude arraunlariak.

Banderak etxeratzen jarraitzen du Orio Arraunketa elkarteko emakumezkoen traineruak. Asteburuan, bitik bi. Aurretik, pasa den astean ere bi estropada irabazi zituzten oriotarrek, baita Gipuzkoako Txapelketa ere. Hala ere Leire Arriola arraunlariaren adierazpenen arabera: "Nahiz eta irabazi arraunketa eta detaile txikiak zuzentzeko lanean jarraitu behar dugu". Gustura geratzea baita Xanti Zabaletaren gidaritzapean dagoen taldearen helburua.

Larunbatean lehiatutako Orioko Kanpina bandera etxekoentzat berezia bazen ere, "uretara atera orduko beste estropada bat bezala" borrokatu zutela adierazi digu Arriolak. Ziabogan, bigarren luzearen hasieran, istripu txiki bat izan zuten traineruan: "Hankekoari toleta izorratu zitzaion eta arraun eta guzti uretara erori". Egoera horren aurrean talde bezala "lasai hartu eta erreakzionatu" zuten oriotarrek. Arraun bat gutxiagorekin ere azken luzea ona egin zuten neskek, "lehenengo luzeko abantailak estropada irabazten lagundu zigun". Gainera, azpimarratu du, estropada "bereziki polita" izan zela, harrobiko kide guztiak traineru barruan lehiatu zuten.

Egun bat beranduago, igandean, kalea alde zuten oriotarrek, "dena" eman behar izan zuten, ordea. "Estropada gogorra izan zen, ibaian ez dugu aspaldian jokatu eta haize asko zegoen gainera". Hala ere, asteburuko bigarren garaipena lortu zuten oriotarrek Bizkaiko uretan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!