Abuztuaren 3an aldaketak izango dira ibilgailuen zirkulazioan, Donostiako Klasikoa dela-eta

Karkara 2019ko uzt. 22a, 17:00

Abuztuaren 3an Oriotik pasatuko da Donostiako Klasikoa txirrindularitza lasterketa, eta hainbat aldaketa eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan, Orion.

Hurrengo larunbatean, abuztuak 3, Oriotik igaroko da Donostiako Klasikoa txirrindularitza lasterketa. Bi lasterketa izango dira, emakumezkoena eta gizonezkoena, eta biak pasatuko dira Oriotik egunean zehar. Hala, zenbait aldaketa izango dira ibilgailuen zirkulazioan.

Alde batetik, Benta bidea itxita egongo da ibilgailu guztientzat 11:00etatik 17:00etara. Dena den, momentu jakinetan, bertan bizi direnei pasatzen utziko zaie. N-634 errepideari dagokionez, Donostiarako bidea itxi egingo dute 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 17:00etara. Zarautzerako bidea, aldiz, 11:30ean itxiko dute, eta berriz irekiko dute gizonezkoen lasterketa amaitzean, 13:00ak aldera.

Bestalde, Txanka-hondartza bidean, ezingo da autopistara sartu goizeko momentu batzuetan. Arratsaldean 16:00etatik 17:00etara egongo da itxita. Herriko plaza inguruari dagokionez, lasterketa bukatu arte, plaza ez dute oinezkoentzako bihurtuko. Beraz, kaia izango da herriko irteera, egun normaletan bezala, 17:30ak arte. Horrez gain, Orioko Udalak Goiko Kaleko semaforoa desaktibatuko du, Zarautzerako bidea bertatik egin ahal izateko. 17:30ean berriro jarriko dute martxan semaforoa.

Hala, zenbait gomendio jakinarazi ditu Orioko Udaltzaingoak. Goiz horretan autoan mugitu beharko dutenei, herritik 11:30ak baino lehenago ateratzea gomendatu die, Zarautzerako bidea hartuta, gero edozein norabide hartzeko aukera izan dezaten. Arratsaldean autoan mugitu beharko dutenei, berriz, gogorarazi die Zarautzerako bidea irekita egongo dela 13:00etatik aurrera, eta bide hori hartu beharko dela, gero handik edozein norabide hartu ahal izateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!