"Kirolari guztion ametsa da Joko Olinpikoetan parte hartzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko uzt. 24a, 12:25

Rebeka Karrera sofbol jokalaria nazioarte mailako txapelketak jokatzen ari da udan absolutu mailako Espainiako Selekzioarekin. Egunotan Herbeheretan da oriotarra.

REBEKA KARRERA

Rebeka Carrera sofbol jokalaria Herbehereetako Ultrech hirian dago egunotan, Espainiako selekzioarekin Joko Olinpikoetarako sarbidea jokatzen. Udaren hasieran Europako Txapelketan bosgarren postuan sailkatu zen taldea, eta oraingoan ere lan ona egiteko irrikaz daude.

Zer asmorekin iritsi zarete txapelketara?
Zortzi taldek parte hartuko dugu txapelketan, Europako sei selekziok eta Afrikako bik; Joko Olinpikoetarako txartel bakarra dago jokoan. Zaila izango da irabaztea, baina orain arte bezala lehiatzen badugu, emaitza ona lortzeko aukerak baditugula uste dugu. Gure asmoa ahalik eta lan txukunena egitea da.

Europako Txapelketan, esaterako, bosgarren postuan sailkatu zineten. Garrantzitsua izan al da emaitza zuentzat?
Ezusteko ederra izan zen, eta oso gustura gaude lortutakoarekin. Hasieran, gure helburu nagusia txapelketako kanporaketa gainditzea zen, multzo bakoitzeko bi talde bakarrik sailkatzen baitziren bigarren faserako. Datorren urtean Joko Olinpikoak jokatuko dira Tokion, eta jakin bagenekien talde asko indartu egin direla azken urtean, jokoetarako sailkatzeko. Horietako bat da txapelketako lehen fasean aurkari izan genuen Israelgo selekzioa; nazionalitate bikoitza duten Ameriketako Estatu Batuetako jokalariak fitxatu ditu selekzio horrek. Oztopoak oztopo, lehen fasea gainditzea lortu genuen, eta lehen sei onenen artean sailkatzea jarri genuen helburu; txapelketako lehen sei taldeek jokatzen baitute Ultrechen jokoetarako sarbide txapelketa. Zaila izan bazen ere, bosgarren postuan sailkatu ginen azkenean, Frantziaren aurka partida irabazita, eta pozez gainezka gaude, Europa mailako talde onenen pare gaudelako.

Kirol arloan saltoa eman al duzue azken urtean?
Duela bi urte abiatu genuen proiektua. Europako Txapelketaren ondoren aldaketak egon ziren selekzioan, eta taldea indartzearen aldeko apustua egin zuten arduradunek. Entrenatzailea aldatu zuten, eta hark filosofia berri bat eraman zuen selekziora. Ordura arte, eskarmentu gehien zuten jokalariak deitzen zituzten selekziora. Azken bi urteetan gazteak ere sartu dira taldean, eta konbinazio polita lortu dute.

Talde bateratua izatea garrantzitsua izaten al da?
Nire ustez, ezinbestekoa da. Kontuan hartu behar da, urtean zehar jokalari bakoitzak bere taldearekin jokatzen duela, eta selekzioan talde izaera ez da egun batetik bestera lortzen. Gaur egun, oso giro ona dugu taldean, talde lanean sinesten dugu, eta horrela aritzen gara.

Zurekin batera ba al dago inguruko beste jokalaririk selekzioan?
Bai, Euskal Herriko lau jokalarik parte hartzen dugu. OBBn jokazen duen Uxua Modrego iruindarrak, eta Atletico San Sebastian taldeko Estibaliz Alvarez zarauztarrak eta Ane Barandiaran ordiziarrak; azken honek hainbat urtetan jokatu izan du Orion.

Sofbol jokalaria izateaz gain, entrenatzailea ere bazara. Esperientzia hau aberasgarria izaten ari al zaizu entrenatzaile gisa hazteko?
Ni jubenil mailako Espainiako selekzioko entrenatzaile laguntzailea ere banaiz, eta egoera guztietatik zerbait ikasten saiatzen naiz beti. Zalantzarik gabe, azken hilabeteetako esperientziak entrenatzaile nahiz jokalari bezala aberasten lagunduko dit.

Zuretzat Joko Olinpikoen atarira iristea garrantzitsua al da kirolari gisa?
Kirolari guztion ametsa da Joko Olinpikoetan parte hartzea. Horra iristeko bide luzea egin behar dugu kirolariok, eta gu orain joko horien atarian gaude. Harro gaude honaino iristea lortu dugulako, nik neuk uste dut jokatuko dudan txapelketarik garrantzitsuena dela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!