Datorren asteburuko estropadak, egunez egun

Karkara 2019ko uzt. 25a, 11:45

(Iban Egiguren)

Larunbatean zein igandean jokatuko dituzte estropadak Orioko arraunlariek. Une honetan, Euskotren, Eusko Label zein KAE-2 ligetan Orioko taldeak dira nagusi.

Ekainean hasi ziren denboraldi honetako traineru ligak, eta sasoiaren erdialdean murgildu gara dagoeneko. Asteburuaren atarian, hurrengo estropadei begira daude Orioko arraunlariak. Oraingoan ere larunbatean zein igandean izango dira Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak. KAE-2 ligakoek, aldiz, igandean jokatuko dute.

Hala, larunbatean Santurtzin (Bizkaia) dute hitzordua Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziek. Santurtziko XL. Ikurriña izango dute jokoan gizonezkoek, eta VIII. Euskotren Bandera emakumezkoek. Igandean, baina, Getxon (Bizkaia) ureratuko dira arraunlariak. Eusko Labeleko taldeek bertan neurtuko dituzte indarrak Getxoko Estropaden XLI. Ikurriña eskuratzeko, eta Euskotrenekoek, Getxoko XI. Ikurriña irabaztea izango dute jomuga.

Bestalde, KAE-2 ligako jardunaldia ere izango da igandea. Orioko gizonezkoen bigarren taldekoek ere Getxon jokatuko dute estropada, XVI. Algortako Portuzaharra Ikurriña lortzea ipar.

Une honetan, aurreneko postuan daude Orioko hiru taldeak; hala, nagusi dira Euskotren, Eusko Label zein KAE-2 ligetan. Momentuz 31 puntu eskuratu ditu emakumezkoen ontziak; 110 gizonezkoen lehen taldeak; eta 71 gizonezkoen bigarren taldeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!