Asteburuan Zarauzko estropadak jokatuko dira

Karkara 2019ko abu. 13a, 15:30

Gaur aurkeztu dituzte Zarauzko estropadak. (Aiora LarraƱaga Solaberrieta)

Orio Arraunketa Elkarteko traineru nagusiek larunbat arratsaldean eta igande eguerdian Zarautzen izango dute hitzordua.

Zarauzko Aste Nagusiaren barruan garrantzi berezia izan ohi dute traineru estropadek, eta arraun taldeentzat eta zaleentzat gorriz markatutako hitzordua izan ohi da. Aurten gainera, Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak jokatzeaz gain, KAE 1 ligako estropada ere izango da, larunbat goizean.

Gaur eguerdian egin dute Zarauzko estropaden aurkezpen ekitaldia, eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak nabarmendu du, lau hamarkada baino gehiago daramatzala Zarauzko Udalak traineru estropaden aldeko apustua egiten, eta zarauztarrak eta bisitariak estropadez gozatzera gonbidatu ditu. "Badakigu ikuskizun bikaina ikusteko aukera izango dugula asteburuan herrian. Emakumezkoetan Oriok irabazi du dagoeneko Euskotren liga, baina gizonezkoetan lehia estua izango dela uste dugu, pasa den igandean bertan, bost talde sailkatu baitziren hamar segundoren bueltan".

Zarauzko alkatearen iritzi berekoa da TKEko zuzendaritzako kide Igon Lertxundi oriotarra ere. "Traineru guztiak Zarauzko ikurrinak irabazteko desiratzen egoten dira, eta arraun taldeak beren puntu onenean iristen dira estropada honetara. Beraz, arraun ikuskizun bikaina espero dugu Zarauzko uretan". Horrez gain, Lertxundik gogorarazi du, Zarauzko estropadarekin amaituko dela emakumezkoen Euskotren liga, eta Orioko Txiki traineruko kideek jasoko dutela Euskotren ligako garaikurra.

Arraun zaleen gunea
Bestalde, azaldu dute, larunbat arratsaldean eta igande goizean Fan Zone izenekoa ere jarriko duela TKEk Zarauzko Musika Plazan, eta bertako pantailetatik estropada zuzenean jarraitzeko aukera izango dutela, estropada eremuaren ingurura hurbiltzen ez diren herritarrek.

ASTEBURUKO ARRAUN EGITARAUA
Abuztuaren 17a, larunbata
- 12:00etan, KAE 1 ligako estropada.
- 18:30ean, Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak.

Abuztuaren 18a, igandea
- 11:30ean hasita, Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!