Iosu Esnaolak OAEko zuzendaritzari jarraipena emateko hautagai-zerrenda aurkeztu du

Karkara 2019ko abu. 21a, 10:59

Beste hauteskunde-zerrendarik ez bada aurkezten, Irailaren 16an Esnaolaren zerrenda hautagaitza aldarrikatuko du hauteskunde batzordeak.

Iosu Esnaola futbolaria izango da oraingo Orioko Arraunketa Elkarteko zuzendaritzari jarraipena emango dion hautagaia, beste zerrendarik aurkezten ez bada.

Zuzendaritza aldaketa geroz eta gertuago dagoen honetan, zabaldu dute jada hautagai-zerrendak aurkezteko  epea. Hautagaitza aurkeztu nahi dutenek irailaren 9ra arte izango dute horretarako aukera. Hautagai zerrenda osatuko duten bederatzi bazkideren izenak eta lehendakaritzara aurkeztuko denaren izenez osatutako zerrenda itxia eman beharko da klubera eskuz edo posta zertifikatuz.

Irailaren 12an, ostegunarekin, hauteskunde batzordeak –Joxemari Olasagasti, Joxemiel Udabe eta Patxi Atorragasti bazkideez osatuak– hautagai-zerrenden aldarrikapena egingo du. Hilaren 16an, asteartearekin, hautagai-zerrenda bakarra balego, inolako bozketarik egin gabe Iosu Esnaolaren hautagaitza aldarrikatuko dute. Beste hautagai-zerrendaren bat balego, hauteskunde batzordeak finkatuko du hauteskunde eguna.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!