Carrera eta Gozategi dominarekin bueltatu dira Europako txapelketatik

Karkara 2019ko abu. 26a, 11:48

Irailean Espainiako Ohorezko Ligako finalean, elkarren aurka jokatuko dute Rebeka Carrerak eta Miren Gozategik.

Pasa den astean, taldekako Europako hainbat sofbol txapelketa jokatu ziren, eta Orioko jokalariek emaitza onak lortu dituzte txapelketa desberdinetan. Alde batetik, Women’s European Cup txapelketa jokatu zen, Dupnitsan (Bulgaria), eta Orioko Rebeka Carrerak urrezko domina irabazi du Atletico SS taldearekin. Bestetik, Miren Gozategik Women`s European Cup Winners Cup txapelketa jokatu zuen Pragan Madrilgo Rivas taldearekin, eta brontzezko domina eskuratu du. "Oso gustura gaude, 2001etik ez baikenuen dominarik lortu nazioarteko txapelketa honetan", azaldu du Madrilgo taldean jokatzen duen oriotarrak. Horrez gain, Gozategik uztailean Espainiako Erreginaren Kopa ere irabazi zuen Rivasekin.

Bestalde, Carrerak eta Gozategik hitzordu garrantzitsua izango dute irailean, Atletico SS eta Rivas taldeek elkarren aurka neurtuko baitituzte indarrak Espainiako Ohorezko Ligako finalean. Irailaren 8an Donostian izango dute hitzordua, eta irailaren 14an eta 15ean Rivasen. Denera 5 partida jokatuko dituzte, eta hiru partidetan nagusitzen den taldeak irabaziko du liga.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide