Kontxako Estropadaren ordainsariak argitaratu dituzte

Karkara 2019ko abu. 27a, 14:00

Irabazleak 24.000 euro eskuratuko ditu, emakumezkoen zein gizonezkoen lehian. Emakumezkoek eta gizonezkoek iaz jaso zuten aurrenekoz diru kopuru berdina saritan. Bestalde, aurten ere emango diote saria Gipuzkoako talde azkarrenari.

Gero eta gutxiago falta da aurtengo Kontxako Estropadarako. Ostegunean jokatuko dute sailkapen jardunaldia, eta igande honetan eta hurrengoan izango da bandera irabazteko lehia. Ordainsariak argitaratu dituzte dagoeneko; aurten, 24.000 euro eta arraunlarientzako banderaren kopia bana eskuratuko ditu irabazleak, emakumezkoen zein gizonezkoen lehian. Emakumezkoek eta gizonezkoek iaz jaso zuten aurrenekoz diru kopuru berdina saritan.

Bigarren sailkatuak 15.000 euroko ordainsaria izango du, eta hirugarren egiten duen taldeak, 12.000 euro. Azken estropadako gainontzeko parte hartzaileek ere jasoko dituzte sariak: 9.000 euro laugarrenak, 7.000 bosgarrenak eta seigarrenak, eta 5.000 zazpigarrenak eta zortzigarrenak.

Bestalde, beste ordainsari bat ere izango da aurten, Gipuzkoako talde azkarrenarentzako. Hala, Adegi Nueva Cultura de Empresa Saria jasoko du denbora onena lortzen duen Gipuzkoako ontziak; hain zuzen, garaikurra eta 5.000 euro. Horretaz gain, Donostiara estropadak jokatzera bidaiatzeagatik, konpentsazioak jasoko dituzte taldeek: 500 euro egoitza Donostiatik gehienez 150 kilometrora badago, 750 euro gehienez 400 kilometrora badago, eta 1.000 euro gehienez gutxienez 400 kilometrora badago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!