"Orain, Kontxarako txartela lortzea da garrantzitsuena"

Karkara 2019ko abu. 29a, 11:30

Orioko emakumezkoen trainerua sortu zuten arraunlarietako bat da Itziar Olasagasti, eta hamarkada bat pasatuta, Euskotren liga irabaztea lortu du taldearekin.

ITZIAR OLASAGASTI - Orioko arraunlaria

Zarauzko Estropadarekin amaitu zenuten Euskotren liga, eta nagusitasunez irabazi duzue gainera. Ospakizuneko poztasuna pasatuta, zer sentipen dituzue?
Ligan estropadaz estropada joan gara. Lehenengo estropada berezia izan zen guretzat, Euskotren ligan irabazten genuen lehena izan zelako. Bigarren norgehiagoka, ordea, ez genuen irabazi, eta ordutik lehiaz lehia jotea erabaki genuen, etorkizunean pentsatu gabe. Oso denboraldi ona egin dugu, eta oso gustura gaude. Hala ere, uste dut, kiroldegian egin ziguten harrera arte, ez ginela lorpenaz kontziente izan. Ordura arte estropada bakoitza baloratzen genuen, baina kiroldegian ohartu ginen Euskotren liga irabazi genuela.

Kiroldegian egin zizueten errezibimendua berezia izan zen, beraz? Ikaragarria izan zen guretzat. Gainera, bertaratu ziren askok ez bazekiten ere, banderak eusten ari zirenak, Orion sortu zen emakumezkoen lehen traineruko kideak ziren. Urte asko daramagunontzat, oso garrantzitsua izan zen lorpena, eta liga irabaztea hamar urteetako ibilbidearen emaitza dela sentitzen dugu. Urtez urtez hobetzen joan gara, gaur egun dugun mailara iritsi arte.

Hamar urte erraz esaten da.
Prozesu luzea izan da, baina gizonezkoekin konparatzen bada ez da hainbeste. Kontuan izan behar da Orioko gizonezkoen trainerua 2003tik dagoela TKE ligan, eta ez du inoiz liga irabazi. Gurea behetik gorako prozesua izan da, eta orain goi mailan mantentzea izango da zaila.

Gainera, emakumezkoen arraunean urtetik urtera ez al dira aldaketa asko izaten?
Emakumezkoen traineruak osatzeko zailtasunak izaten dira askotan, eta hamar urte hauetan guk ere pasatu ditugu urte gogorrak; izan ditugu urteak, entrenamenduetan hamar lagunekin uretara atera izan garenak ere. Horregatik, normalean emakumezkoen arraunean, jubenil mailan ematen da saltoa talde nagusira, eta arraunlari oso gazteak ere izaten dira taldean, 16-17 urtekoak. Zenbaitek unibertsitate garaian utzi egiten dute, ikastera kanpora joaten direlako. Beste kasu batzuetan, berriz, gaztetatik goi mailan diharduten arraunlariak 22-25 urte ingururekin beren kirol ibilbidea etetea erabakitzen dute, goi mailan lehiatzen urte asko daramatzatelako. Aldaketa asko izaten dira. Dena dela, nik uste dut Orion ondo kudeatu dugula alderdi hori, eta azken bi urteak onak izan dira arraunlari kopuruari dagokionean. Aurten, esaterako, hogei arraunlari inguruko taldea osatu dugu, eta Orioko jubenilak San Juango taldearekin lehiatzen ari dira ETE ligan, esperientzia hartzeko.

Prestaketa aldetik aldaketarik egin al duzue?
Bai, azken bi urteetan, pisua altxatzeko ariketei ere garrantzia eman diegu, indarra lantzeko. Emakumezkoen estropadak gizonezkoenak baino motzagoak direnez, intentsoagoak dira eta garrantzitsua da indarra ere lantzea. Duela bost urte hasi ginen pisua altxatzen eta gradualki pisua handitzen joan gara. Azken finean, gure prestaketa egokitzen joan da, taldea hazten joan den heinean.
Zentzu horretan, aurtengo denboraldian faktore askok eragin dutela uste dut. Alde batetik, gure garapenak; pixkanaka, urtez urte hobetzea izan baita gure helburua. Lasai hartu dugu, presarik gabe, eta denbora horretan esperientzia hartu dugu arraunlari moduan eta gure gorputza ere goi mailara egokitu da.

Herritarren jarreran ere aldaketarik antzeman al duzue?
Bai, urtez urte handitzen joan da herritarrengandik jaso dugun babesa, eta hamar urteetan garapena nabarmena izan da. Guretzat bultzada handia da, herriatarren babesa sentitzea.

Behin, ligako ospakizunak pasatuta, Donostiako Estropadarako prestaketan buru-belarri murgilduta izango zarete, ezta?
Zarauzko estropada pasatuta Donostiako estropadan pentsatzen hasi ginen. Pasa den asteburuan, atsedenaldia eman zigun entrenatzaileak eta aste honetan egin ditugu azken entrenamendu gogorrak. Orain, Donostiako Estropadan dugu burua.

Askorentzat Kontxako Bandera irabazteko faboritoak zarete. Nola ikusten duzu zuk?
Pausoz pauso joan behar dugu, eta une honetan garrantzitsuena gaur arratsaldean Donostiako Estropada jokatu ahal izateko txartela lortzea da. Euskotren ligako eta ETE ligako taldeak ezagutzen ditugu, eta badakigu zer maila duten, baina Galiziatik sei ontzi etorriko dira, eta horien erreferentzia fidagarririk ez dugu, Galiziako emakumeek lau luzeko estropadak jokatzen dituztelako. Gainera, bada talde indartsu bat, kupoekin arazoak izan dituelako, ligan parte hartu ez duena, eta horrek txapelketak eta Kontxako Bandera bakarrik prestatu ditu. Ez dakigu, galiziarrak nola ibiliko diren, baina pentsatu behar dugu, oso ondo arituko direla, eta euskal taldeak bezalaxe, aurkari gogorrak izango direla.

Lehen helburua sailkatzea dela aipatu duzu.
Noski baietz, ahal den lanik txukunena egitera atera behar da gaur uretara, ontzi bat baino gehiago ezusteko handia hartuta bueltatu izan baitira Kontxako Banderako osteguneko sailkapen estropadatik. Gure kasuan, zazpi postu izango dira jokoan, eta sailkatzeko aukerak baditugula pentsatzen dugu. Hala ere, badakigu lehia estua izango dela, eta oso lan ona egin beharko dugula. Gaurko estropada amaitzen denean, hasiko gara igandeko estropadan pentsatzen.

Adituek diote Donostiako Estropadak ez duela gainontzekoekin zerikusirik, zerotik hasten dela kontatzen markagailua. Hala al da?
Donostiako Estropadan hutsegite txikiena garesti ordaintzen da, eta dena primeran egin behar izaten da, bandera irabazi ahal izateko. Horregatik, oso garrantzitsua da burua estropadan izatea eta uretan taldeak duen onena ematea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!