Gizonezkoek bigarren egin dute, Hondarribiren atzetik

Karkara 2019ko ira. 1a, 13:16
Gizonezkoen trainerua, lehen jardunaldian. (Argazkia: Intza Unanue)

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineruak estropada bikaina egin du Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Bigarren postuan sailkatu da, Hondarribiren atzetik. 

Kontxako Banderako lehen jardunaldian bigarren egin dute Orioko gizonezkoek. Lehen txandan lehiatzea egokitu zaie, eta beren txandan denbora onena egin badute ere, Hondarribiak bost segundoko aldearekin irabazi dio Oriori. Lehian ari zirela, Santurtziko arraunlari baten palak patroiarena ukitu duela salatu dute. Irudiak aztertuko dituzte hala izan den ziurtatzeko eta gertaturikoa argitzeko. Hala dio Martxel Aldai Orioko arraunlariak ere: "Estropadaren lehen zatian gainontzeko traineruekiko aldea ateratzea falta izan zaigu, eta itzuleran, momentu batean jo ere egin digute patroiaren pala, eta pixka bat nahasi egin gara". Hala ere, estropada "haundia" egin dutela uste du Iñaki Arostegi Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak. Bost segundoren aldea atera arren, Hondarribik bandera irabazi nahi badu estropada bikaina egin beharko duela dio Arostegik.

Beraz, bigarren jardunaldira arte itxaron beharko da Kontxako Bandera nork eramango duen jakiteko, lehia estua izango baita. Aldaik aitortu duenez, oraindik asko dute emateko Orioko arraunlariek. Ohorezko txandan lehiatuko dira Hondarribia, Santurtzi eta Zierbenaren aurka.

Sailkapen estropadan ezustea eman zuen eta oriotarren aurretik sailkatu zen Ondarroak, ordea, ez du zorterik izan, eta zazpigarren postuan sailkatu da. 

Emaitzak:
1. Hondarribia: 19:19.88
2. Orio: 19:25.42
3. Santurtzi: 19:29.00
4. Zierbena: 19:34.82
5. Bermeo: 19:38.92
6. Donostiarra: 19:43.18
7. Ondarroa: 19:50.30
8. Kaiku: 20:13.52

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!