Aizperro, Pentatloiaren final handira

Karkara 2019ko ira. 8a, 08:26

Lan guztiak amaituta denborarik onena lortu zuten sei kirolariek soilik lortu dute hilaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalerako txartela. Jende ugari hurbildu zen atzo Azpeitiko zezen plazara.

 

Baditu finalistak II. Euskal Pentatloi Txapelketak: Joseba Otaegi, Xabier Orbegozo Arria V.a, Xabier Zaldua, Luis Txapartegi,  Aratz Mugertza eta Joxean Olaskoaga Aizperro. Atzo, larunbata, jokatu zuten probaren finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita, eta jende ugari hurbildu zen iaz berreskuratutako herri kirol jaialdiaz gozatzera. Haien begiradapean eta animo artean aritu ziren nor baino nor finalaurrekoa jokatu zuten hamaika kirolariak: Xabier Orbegozo Arria V.a, Joseba Otaegi, Joxean Olaskoaga Aizperro, Iñaki Errazkin, Xabier Zaldua –iazko txapelduna–, Luis Txapartegi, Aratz Mugertza, Jon Gisasola Zelai V.a, Jagoba Otaegi, Beñat Amade eta Osmane Drame. Horiek guztiek bost lan egin behar izan zituzten. Lan guztiak amaituta denborarik onena lortu zuten sei kirolariek soilik lortu zuten hilaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalerako txartela. 

Aurrenik, 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin zizkioten. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin zuten. Aizkora izan zen egin beharreko hirugarren lana: kirolari bakoitzak kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki behar izan zuten. Horren ostean, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin zituzten, eta, bukatzeko, zezen plazari hamar buelta –kilometro bat– eman zizkioten, lasterka. 

Lan guztiak amaitzen azkarrena Joseba Otaegi izan zen, eta 13 minutu eta 29 segundoko denbora eskuratu zuen. Haren atzetik sailkatu zen Arria V.a, 13 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Zaldua sailkatu zen hirugarren, 14 minutu eta 24 segundoko denbora lortuta. Txapartegi izan zen laugarren, 14 minutu eta 38 segundorekin. Mugertza sailkatu zen bosgarren, lan guztiak 15 minutu eta 58 segundotan amaituta. Eta finalerako azken txartela Aizperrok eskuratu zuen, 16 minutu eta 18 segundoko denbora lortuta.  

Irailaren 21ean, larunbatez, jokatuko da II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita. Hitzordu horretan are proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek; izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!