Irudietan: Horiz jantzi da gaur Donostia, goizean goizetik

Oriotarrak goizean goiz autobusa edo trena hartu eta Donostia aldera abiatu dira.

Arraun zaleek ez dute hutsik egin, eta goizean goizetik kolore horia izan da nagusi herriko kaleetan. Lehen orduan, herriko kafetegiak jendez bete dira, ohitura baita koadrilan gosaldu eta autobusez edo trenez Donostiarako bidea hartzea. Jendetza bildu da autobus eta tren geltokian, eta askok zutik egin dute Donostiarako bidea. Izan ere, oriotarrez gain, zumaiarrek eta getariarrek ere ez dute urteko arraun hitzordurik garrantzitsuena galdu nahi izan. 

Gaur gainera, giro berezia antzematen zen goizetik herrian, historian lehen aldiz, Orio Arraunketa Elkarteko bi ontziek Kontxako Bandera irabazi dezaketenaren esperantza zabalduta baitago herrian. "Neskek bandera ekarriko dutela seguru gaude, eta mutilek ere horretarako aukera asko dituzte. Irabazi edo galdu etxeko taldeak animatuko ditugu beti. Ostiralean herrian egin zitzaien harrera errepikatu nahi dugu, benetan hunkigarria izan baitzen", azaldu du Donostian Orioko koadrila batek.

Donostiako estropada ikustera hurbildu diren zaletu askoren iritziz, Jon Salsamendik egin duen lana txalotzekoa da, kirol emaitzez harago, "herria batzea eta denok elkarrekin norabide berean arraunean egitea" lortu duela uste baitute.

Zapi arroxa jantzita
Oriotarrek leialtasunez animatuko dituzte gaur herriko taldeak, baina izango dira San Juango emakumezkoen ontziaren aldeko animo oihuak botako dituzten oriotarrak ere. Izan ere, aurten San Juango traineruan Orioko jubenil mailako zazpi arraunlari gaztek egin dute arraunean, eta ezustekoa emanez, Kontxako Banderako ohorezko txanda jokatzeko sailkatu dira. Beraz, zenbait oriotar kamiseta horia eta zapi arrosa jantzita joan dira gaur Donostiara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!