Harribil Dantza Taldea dantzari berrien bila dabil

Karkara 2019ko ira. 13a, 10:30

25 urte beteko dituen herriko euskal dantza taldeak, dantzak ikasi eta asmatzen jarraitu nahi du, horregatik taldera batzeko dei egin nahi die dantzariei.

Irailaren 16an, astelehenarekin, ate irekiak izango dira Harribilen. Dantzari berriak taldean hartzeko asmoarekin deitu dute bilerara dantzariek Kosta Tailerrean, iluntzeko 20:00ean. Dantzarako gogoz dauden 14 urtetik gorako euskal dantzari guztiak gonbidatu  dituzte Harribileko kideek.

25 urte dantza sustatzen

25 urte beteko ditu aurten herriko euskal dantza taldeak. Garai bateko Gortzintzi dantza taldeko kideek sortu zuten talde berria eta Harribil jarri zioten izena, Orioko itsas bazterreko harkaitz biribil bati izena kenduz. Urte gutxi hauetan dantzarako joera berpiztu du talde honek oriotarren artean, batez ere ume eta gazteen artean; gero eta gutxiago dantzatzen baitzuen herriko jendeak.

Gaur egun, 19 bat lagun, gazte eta helduk osatzen dute taldea, eta astean bi aldiz elkartzen dira dantzak ikasi eta asmatzera. Urtean zehar herriko hainbat ekintzatan hartzen dute parte. Hala nola, herriko jaietan, Bisiguaren Egunean, ezkontzetan... Bestalde San Juan gauean ekitaldia prestatzen dute herriko umeak sorginez jantzi eta kaleak hartzeko. Eta Gabonetan, Herribil emanaldia antolatzen dute, herriko eragileekin batera herritarrei eskainia.

Horrez gain, bere sorreratik euskal dantza tradizionalak eta modernoak uztartuz, koreografiak asmatu eta ikuskizunak eskaintzen dituzte inguruko herrietan. 2004an kaleratu zuten Mugak, 2008an Urratsen Oihartzuna, 2012an Argi-ilun, eta 2017an, Arinmak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!