"Gorputza eman behar diogu klubari, eta hori, herritarrek baino ezin dute egin"

Dorleta Agiriano Lai 2019ko ira. 17a, 19:00
(Dorleta Agiriano Lai)

Iosu Esnaola (Orio, 1986) izango da Orio Arraunketa Elkarteko presidentea datozen lau urteetan. Orain arte eraikitakoari jarraipena ematea du xede, "kalitatea" ardatz.

Etapa berri bat hasi duzu orain, arraun elkarteko presidente gisa. Zein modutan heldu diozu erronka berri honi?
Ilusioarekin, batik bat. Beti esan izan dut ilusioa dela soberan dudan gauza bakarra. Denborarekin ikasiko dut zer egin egoera bakoitzaren aurrean, baina uste oneko itxaropena dut; izan ere, uste dut lantalde ona dudala aldamenean. Taldekide bakoitzak ekarpen handia egin dezake bere arlotik eta estrategia propioa du buruan, garatze bidean. Abiapuntu ona iruditzen zait aldez aurretik planteamenduak buruan izatea, lan horietarako prestatuta baitaude guztiak. Hori zen nahi nuena: batez ere, jende prestatua izatea. Hasteko gogoz nago, eta pixkanaka emango diogu forma gure lanari.

Nola erabaki zenuen pausoa eman eta zure burua presidente izateko aurkeztea?
Ibon Huegun presidente ohiak uztailean proposatu zidan nire burua aurkezteko, eta sekulako ilusioa egin zidan. Bikotekidearengana joan nintzen, eta proposamenaren berri eman nionean, esan zidan: "Hori da zuk nahi duzuna". Ez dut sekula ahaztuko. Ordutik ez dut ia lorik egin, azpilanari ekin zion nire buruak.

11 bazkidek osatu duzue Gida-Batzorderako lantaldea, arraun elkartean arituak diren kide batzuk tartean.
Zenbait kide beti izango dira elkartearen parte eta beti egongo dira laguntzeko prest. Datozen lau urteetan zuzendaritzan izango garen pertsonak, ordea, berriak gara honetan. Dena den, dagoeneko ibilbide bat egin dutenak izango ditugu alboan, eta nire ustez, hala izan behar du derrigor. Hemen ez dago hutsetik hasterik, eta beharrezkoa da zuzendaritzen arteko trantsizioa naturala eta elkarrenganakoa izatea. Nik ez nuen putzura jauzi egin nahi putzuan urik egongo gabe. Hala, babes handia da niretzat lehendik zuzendaritzan aritutakoen babesa eta laguntza izatea.

Zeintzuk dira datozen lau urteetarako zehaztutako helburuak eta ikuspegia?
Orain arteko ibilbideari jarraipena ematea da asmoa. Gauzak ondo doazenean hala mantendu behar dira, eta ni ez naiz ezer aldatzera etorri. Dagoeneko oinarrian dagoena hobetu nahi dugu, ahal bada behintzat. Kalitatea da beti helburu izan dudan hitza. Bakoitzak egindako lanak kalitatea eman behar dio aurretik eraikitakoari. Horretarako, lasai egin behar ditugu gauzak, epe luzerako ikuspegiarekin. Beti eman diot garrantzia ibilbideari. Zaila izango da kirolari dagokion arloa hobetzea, maila gorenetan lehiatzen diren taldeek zein gazteek orain artean egindako lana ezin baita ia hobetu. Hala ere,  helburuetako bat da gazteek arraunean abiatutako ibilbideak jarraipena izatea etorkizunean; alegia, kimuen mailan arraunean hasten direnek bide horri heltzea. Horretarako, gazteak zaindu behar ditugu.

Zein da aurretik elkartearen zuzendaritzan aritu direnen lanari buruz duzun iritzia?
Kanpotik begiratzean, zaila da lanari balioa ematea. Orain, zuzendaritzaren lana gertutik ezagutzeko aukera izan dut, eta esan dezaket izugarria izan dela egin dutena. Elkarteak barne mailako egituraketa egokia garatu du, baita kirol arloan emaitza onak izan ere. Orain, haiek zoriontzea eta eskerrak ematea baino ezin dut egin. Orion ez dugu behar beste  balioesten arraun elkartea. Hori irauli nahi nuke: herritarrek klubari duen balioa ematea gustatuko litzaidake. Elkartea eta herria nolabait lotu nahi nituzke; hurbildu. Arraunetxea eta herria aldebanatzen dituen zubia ez dadila muga erreala izan. Gorputza eman behar diogu klubari, eta hori, herritarrek baino ezin dute egin. Oriotarrok gara garrantzitsuenak hori lortzeko bidean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!