Ate joka dira 10.Gazte Festak

Karkara 2019ko ira. 19a, 09:58

Hiru eguneko egitaraua izango du aurten, eta Etxeluzeren bueltan izango da festa

Irailaren 27tik 28ra 10. Gazte Festak ospatuko dituzte herriko gazteek, eta jaian parte hartzera animatu dituzte oriotarrak. Ohiturei jarraituz, Piraten danborrada egingo dute aurten ere, hilaren 27an, ostiralarekin.

Bestalde, paella lehiaketa ere antolatu dute larunbat eguerdi parterako. Antolatzaileek zehaztu dute, paella lehiaketarako tiketak ostiral honetan, Herriko Plazan egingo den Tonbolan soilik egongo direla salgai. 12€- ko prezioaren barruan bazkarirako osagaiak (arroza, tipula, baratxuria, olioa, gatza eta ogia) banatuko dira. Edateko, sagardoa txotxetik, ardoa eta ura eskainiko dituzte, baina paella prestatzeko sua norberak eraman beharko du.

Boluntario lana

Azken bi urteetan egun bateko jaia soilik izan da, hein handi batean antolaketarako boluntario faltak eraginda. Horrela, aurten Gazte Festak ez egiteko erabakia hartu zen, azkenean, ordea, gazte talde bat elkartu eta bilerak antolatzen hasi ziren. Gazte Festetako batzordea gustura dago aurten lortutakoarekin: "Boluntario ugari bildu da aurten, lanerako gogo askorekin gainera".  Festen jatorriaz gogoratu dira batzordekideak aurten: "Gazte Festak gaztetxea okupatzeko gazte mugimendu gisa sortu ziren hasiera batean, eta herriko belaunaldi desberdinak biltzeko izan zuten arrakasta ikusita, urtero antolatu izan dira festak". Urte luzez, ordea, antolaketa lan guztia gutxi batzuen esku geratu ohi da. Aurten, jendearen lanerako gogoa ikusita egitaraua hiru egunetara luzatu da.

Festen lan ildoa
Azken astetan hainbat bilera egin dute gaztetxean, eta festa ereduaren inguruan eztabaidatu eta hausnartu dute. Nolako festak nahi ditugun zehaztu dugu, eta hainbat lan lerro jorratzeko konpromisoa hartu dugu, azaldu dute. Adostu dituzten konpromisoak dira: Gazte Festetan euskararen presentzia bermatzea, hondakinak gaika biltzea, festen barruan ahalik eta kontsumo arduratsuena izatea bertako produktuak eta ekologikoak erabiliz, ikuspegi feminista duten jaiak izatea eta protokolo bat zehaztea.

EGITARAUA

Irailaren 20an, ostiralarekin

19:00-21:00 Tonbola Herriko Plazan (Bazkarirako tiketak bertan bakarrik salduko dira).

Irailaren 27an, ostiralarekin

21:30 Danborrada Etxeluzetik

23:00 Rukula taldearen kontzertua moilan.

Irailaren 28an, larunbatarekin

12:00 Paella lehiaketaren hasiera eta kamiseta banaketa.

14:00 Paella beganoak aurkeztu eta presoen aldeko argazkia

Jarraian... Hemenbaen Baturaka herrian zehar. Tartean, jolasak.

Goizalden, diana.

Irailaren 29an, igandearekin

18:00 Argazki emanaldia. (Bidali argazkiak 650 31 78 95 zenbakira asteburuan zehar)

 

 



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!