Badator hirugarrena

Onintza Lete Arrieta 2019ko ira. 19a, 13:30

Bederatzi egun barru, irailaren 28an, jokatuko dira III. Euskal Kosta Krosa maratoi erdia eta II. Euskal Kosta Roller proba.

Urola Kostako Udal Elkartearen kirol jardunaldia berezia da, ibilbidea eta zenbait ezaugarri aldatu egiten direlako urtetik urtera. Maratoi erdiaren kasuan, Zarautzek Getariari pasatu dio lekukoa, eta aurten azken herri horrek izango du protagonismoa. 

Roller probari dagokionez, Zarautzen hasi eta amaituko da, eta ibilbideko aldaketez gain, beste bi berrikuntza nabarmenekin dator. Izan ere, aurten Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da proba berean. ZKE Irristaketa Taldekoek azaldu dutenez, orain arte, Donostiako 15 kilometroetan jokatzen zen, baina iaz Urola Kostako proban izan ziren federazioko kide batzuk, eta gustatu egin zitzaien bai antolakuntza, bai ibilbidea. 

Horrez gain, aurten infantil eta kimu federatuek ere patinatzeko aukera izango dute, betiere entrenatzaileak lagunduta. Zarautz-Zumaia-Zarautz ibilbidearen edertasuna azpimarratu dute irristaketa taldekoek. "Itsasoko brisaren ondoan patinatu ahal izatea zoragarria da, hemen inguruan dagoen ibilbiderik politena dela esatera ausartuko ginateke, erakargarriena bai behintzat, eta nabarmendu behar da ibilbidea polita izateaz gain, ibilbide dibertigarria ere badela. Bi aldapa polit ditu Zumaia eta Getaria artean, eta gorabeherak ere baditu".

Getariako produktuak

Maratoi erdia Getarian hasi eta amaituko da aurten: Zumaiara joango dira aurrena, handik Zarautzeraino, eta berriz Getariara, Kale Nagusian amaitzeko, udaletxe parean, aldapan gora egin ondoren. 

Getariako Udalak prest du korrikalarien poltsa. Herriko produktuak emango dizkiete parte hartzaileei: antxoa, hegaluze eta sardina pote bana, xira eta gelak. Poltsa bera, gainera, berezia izango da, Getariako arrantzale sareekin egin dituelako Zarauzko boluntario talde batek, Zaporeak elkartearentzat.

Roller proban izena emateko epea bihar amaituko da, eta maratoi erdikoa azken egunera arte egongo da zabalik, biak kronoak.com atarian.   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!