Seigarren egin du Aizperrok Euskal Pentatloi Txapelketan

Xabier Zalduak irabazi du aurten ere Euskal Pentatloi Txapelketa. Atzo jokatu zuten final handia Azpeitiko zezen plazan, eta honela gelditu zen sailkapena: Otaegi bigarren sailkatu zen, Arria V.a hirugarren, Txapartegi laugarren, Mugertza bosgarren eta Aizperro seigarren

Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatu zuten atzo, larunbata, Azpeitiko zezen plazan, eta agerikoa izan zen herri kirol jaialdiak ikusmina piztu zuela: gutxitan bezala bete zen zezen plaza. Sei kirolari aritu ziren nor baino nor: Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra, Joseba Otaegi zizurkildarra, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra, Aratz Mugertza mutrikuarra, Xabier Zaldua zumarragarra eta Luis Txapartegi aizarnarra. Iazko txapelduna izan zen atzo ere irabazlea: Zaldua, hain zuzen ere.

Kanporaketa fasean egindako denboraren arabera, bi txandatan banatu ziren kirolariak. Lehen txandan, Mugertza, Aizperro eta Txapartegi aritu ziren; bigarrengoan, berriz, faboritoak: Arria V.a, Otaegi eta Zaldua. Guztiek lan berak egin behar izan zituzten: 100 kiloko harriari hogeita bost jasoaldi eman, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta hiru kilometro korrika aritu–zezen plazari 30 buelta–.

Lehen txandan, guztietan beteranoena nagusitu zen, dezenteko aldearekin; aizarnarrak 41 minutu eta 40 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Haren atzetik sailkatu zen Mugertza (43:03), eta lanak amaitzen azkena izan zen Aizperro (45:28). Bakarrik egin zizkion oriotarrak azken itzuliak zezen plazari, baina kamiseta horiak soinean zituzten herritarren babesik ez zuen falta izan.

Bigarren txandan, berriz, aurrea hartuz hasi zen Otaegi; harri-jasotze lanak amaitzean, minutu bateko eta hiru segundoko aldea zion Zalduari, eta minutu eta erdikoa Arriari. Gainontzeko lanetan ere aurreneko postuan mantentzea lortu zuen Otaegik, eta hura izan zen lasterka hasten aurrena. Zizurkildarra 58 segundoko aldearekin hasi zen korrika, baina Zalduak lan horri ekin zionean, nabaria zen Otaegi baino freskoago zegoela; hura harrapatu eta 31 segundoko aldea atera zion zumarragarrak. Arria izan zen bigarren txandako lanak amaitzen azkena.

Hona hemen kirolariek lortutako denborak:

1. Xabier Zaldua: 38:30

2. Joseba Otaegi: 39:01 (+0:31)

3. Arria V.a: 39.54: (+1:24)

4. Luis Txapartegi: 41:40 (+3:10)

5. Aratza Mugertza: 43:03 (+4:33)

6. Aizperro: 45:28 (+6:58)

Ikusi argazki galeria, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!