Gurrutxaga Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan sailkatu da

Karkara 2019ko ira. 30a, 11:15
(Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Atzo Elgoibarren izan zen final-zortzirenetako bat, eta laugarren sailkatu zen Iñaki Gurrutxaga oriotarra. Datorren asteburuan jokatuko dute azken final-zortzirena.

Atzo, igandea, jokatu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken-aurreneko final-zortzirena. Elgoibarren izan zen, eta bertan parte hartu zuen Iñaki Gurrutxagak. Laugarren egin zuen oriotarrak, 430 punturekin. Beraz, ez du zuzenean hurrengo faserako sailkatzeko txartela eskuratu, baina oraindik ez dago guztiz erabakita zein bertsolarik abestuko duten final-laurdenetan. Puntuazioen arabera ebatziko da nortzuk izango diren final-laurdenetako parte hartzaileak, azkeneko final-zortzirenaren ostean.

Ane Labakak irabazi zuen Elgoibarko saioa, guztira 458,5 puntu batuta. Atzetik jarraitu zion Jokin Urangak (443,5 puntu), eta hirugarren sailkatu zen Eñaut Martikorena (437 puntu). Gurrutxagaren atzetik, Unai Gaztelumendirentzat izan zen bosgarren postua (424,5 puntu), eta seigarrena Endika Igartzabalentzat (403,5 puntu).

Asteburuan Zumarragan ere izan zen saioa, eta Unai Mendizabal nagusitu zen, 449,5 punturekin. Hala, pasa den asteburuan Labakak eta Mendizabalek lortu dute final-laurdenetarako sailkatzea. Aurreko saioetako irabazleak ere zuzenean pasatu dira hurrengo fasera; hain zuzen, Haritz Mujika Beñat Iguaran, Beñat Lizaso eta Gorka Maiz.

Orain arte jokatutako final-zortzirenetan bertsolari bakoitzak lortu dituen puntuazioak ikusteko, egin klik hemen

Datorren larunbatean, urriak 5, jokatuko dute azken final-zortzirena, Lasarte-Orian. Bertan arituko dira Aitor Salegi, Eneko Araiztegi, Iñaki Zelaia, Mikel Artola, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!