2020rako zergak eta tasak onartu dituzte Orion

Karkara 2019ko ira. 30a, 16:55

Udalbatza osatzen duten alderdiek aho batez onartu zuten Anuska Esnal alkateak aurkeztutako proposamena.

Pasa den ostegunean, iraileko ohiko batzarra egin zuten Orion, eta berezia izan zen, estrainakoz Erlo Telebistak grabatuta, herritarrek Karkara.eus atarian zuzenean ikusteko aukera izan baitzuten. "Herriarekiko gardena izan eta herritarrekiko gertu egon behar du Udalak eta horretan ari gara. Erabaki xumea bada ere, udalbatzarrak etxetik jarraitzeko eskubidea du herritarrak eta eman beharreko aurrerapausoa dela uste dugu", azaldu dute Udal Gobernutik.

Iraileko batzarrean, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean izango diren zergak eta tasak onartu zituzten, baina zaborraren gaineko zerga ez zuten jorratu, hondakin bilketa udal elkartearen esku dagoenez, erakunde horren gobernu batzordeak erabaki behar duelako zer zerga ordaindu beharko dituzten herritarrek bilketa zerbitzuagatik.

Udalbatza osatzen duten alderdiek aho batez onartu zuten Anuska Esnal alkateak aurkeztutako proposamena, eta alkateak udalbatzarrean azaldu zuenez, Ordenantza Fiskalak irailean onartzen diren lehen aldia izan da. "Aho batez onartu ditugu Ordenantza Fiskalak eta hori, udalaren dinamika onaren, eta udalbatza osatzen dugun kideon lanerako gogoaren eta sintoniaren adierazle da". 

Horrez gain, EH Bildutik jakinarazi dute, Udala buru-belarri lanean ari dela, eta sail guztietako batzordeak egiteaz gain, dagoeneko lehen lanak osatu direla: besteak beste, turismo mahaia eta festa batzordea eratu dira, Arrantzale kaleko lehen egokitzapenak egin dituzte, Kultur Etxeko plazaren zorua konpondu dute eta plazako obren informazio bilera irekiak egin dira. "Datozen hilabeteetan ere dinamika berdinarekin jarraitzeko asmoa dugu. Herritarrentzat eta herriarentzat lana egitera etorri gara eta horretarako oriotarren parte hartze aktiboa ezinbestekoa dugu".

ZERGAK ETA TASAK (2020an aldatuko diren hainbat zerga eta tasa)
Zergak
- Ondasun higiezinen zerga %1,5 igoko da. 
- Trakzio menikodun ibilgailuen zerga %1,5 igoko da, turismoen eta motozikleten kasuan. 
- Ez da igoko eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Hala ere, hondakinen kudeaketa era egokian egiteko, ordaindu beharreko zergaren %50eko abala jarri beharko da. Obra bukatutakoan, hondakinak modu egokian kudeatu direla egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkezten badira, abala itzuli egingo du udalak.

Tasak
- TAO. Ekainaren 1etik irailaren 13ra izango da, biak barne, 10:00etatik 20:00etara. Lehenengo bi orduetan 1,35 euro orduko tarifa kobratuko da eta hortik aurrera txikitu egingo da orduko ordaindu behar dena. 
- Antilla hondartzako kabinen erabilera.
Aulkiak, paipoak eta eguzkitako aterkiak uzteagatik 0,63 euro ordainduko da eguneko; 2,50 euro asteko; 7,50 euro hileko eta 20 euro sasoiko.  
Etzaulkiak eta surf taulak uzteagatik 0,80 euro eguneko; 4,50 asteko; 12,50 euro hileko eta 30 euro sasoiko.
- Udal kanpinaren erabilera. Aplikatu beharreko tarifak %1,5ean igoko dira.
- Kultur Etxeko bulegoen erabilera. Merkataritza elkarteek, diru irabaziak dituzten elkarteek edota norbanakoek areto nagusia erabiltzeko 25 euro ordainduko dute eguneko, eta egun bat baino gehiago badira, 18 euro eguneko; gelak erabiltzeagatik berriz, egun bat 18 euro kostako da, eta egun bat baino gehiago badira 16 euro.
- Udaletxeko teilatupeko gela, KTE erakineko gelak eta Salatxo aretoa egun bat erabiltzeagatik 25 euro ordaindu beharko dira, eta egun bat baino gehiago badira, 18 euro eguneko.
- Arraunetxeko aretoan herriko elkarte bakoitzak doako bi ekitaldi egin ahal izango ditu urtean, ehun lagunetik gora biltzen dituen ekitaldia antolatzen badu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!