PAPEREKOA

Herriaren bihotza zabaltzeko lanak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urr. 5a, 12:00

Plaza zabaltzea eta oinezkoentzako jartzea da udalaren asmoa; eta aldi berean, portua zabaltzeko lanak egingo ditu Jaurlaritzak urritik aurrera. Hala, aldaketak izango dira herriko sarrera irteeretan. Aurreikuspenen arabera, bederatzi hilabete inguru iraungo dute obrek.

Orioko Plaza oinezkoentzako jartzea eta moilako errepidea egokitzea, hemendik aurrera bi noranzko izan ditzan. Nagusiki horiek dira herriko plazan eta inguruan hasi dituzten lanen helburuak. Orioko Udalaren aurreikuspenen arabera, bederatzi hilabetean amaituko dituzte berritze eta egokitze lanak, baina egiteko dauden bi obrak ezkontzeko moduaren araberakoa izango da beharrezko denbora.

Bi obra, aldi berean

Udaleko ordezkariek iraila hasieran eman zuten lanen berri, herritarrei zuzendutako bi bilera irekitan, kultur etxean. Hala, proiektuaren barruan, azaldu zuten bi obra nagusi izango direla datozen hilabeteetan. Batetik, plaza berritzeko lanak hasi ditu dagoeneko udalak; bestetik, baina, moila zabaltzeko lanak ere egingo dira urritik aurrera. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaren ardura da portuko obrak egitea, ez udalarena. Plazako lanen bidez, oinezkoentzako eremua zabaltzea da asmoa, egun betetzen duen biribilgune funtzioa atzean utzita. Horretarako, inguruan dauden aparkalekuak kentzea eta autoen zirkulazioa kaira lekualdatzea da xedea, egungo espazioaz gain, gaur egun plaza kanpoaldetik besarkatzen duen eremua (nagusiki aparkalekuz osatua dagoena) plazaren parte izan dadin. Horrek moilari zuzenean eragiten dio, ordea, eta egungo gaitasuna mantendu dezan, Jaurlaritzak ebatzi du portua ere handitu beharra dagoela.

Herriko plazako kioskoa mantendu egingo du udalak, baina aldaketekin. Egurra berritzeaz gain, egiturak jatorrian zuen forma berreskuratuko dute; laukizuzena izango da, eta zabalagoa. Pixka bat atzera mugituko dute gainera, plazan lekua irabazteko.

Pausoz pauso

Faseka egingo dituzte plazako lanak, epeka. Aritzaga kalea izango da abiapuntua, eta ekin diete bertako lanei dagoeneko; lur azpiko instalazioak berritu, ur zikinak antolatu eta saneamendu lanak egingo dituzte. Aritzaga kalean amaitzean, Hendaia plazara egingo dute salto, eta han hasiko dira lanean. Bi-hiru hilabete iraungo du aurreneko fase horrek, eta gero, plazarantz hedatuko dituzte obrak, Txistulari kalean barrena. Bertan Aritzagako kaleko lan berdinak egitea aurreikusi dute, horrek aldez aurretik eskatzen duen lur azpiko azterketarekin, Aritzagan egin bezala. Dena den, faseen nolakotasunean aldaketak egon daitezkeela nabarmendu du udalak, baita epeen planifikazioan ere.

Bestalde, Jaurlaritzak oraindik ez du adierazi zehazki zein egunetan abiatuko dituzten portuko lanak, baina urrian izango dela iragarri dute. Plaza berritzeaz arduratuko den enpresa berak berregokituko du moila; Altuna eta Uria eta Viuda de Sainzek osatutako taldeak, alegia. Dagoeneko sinatu dute indarrean egongo den akordioa, eta horren arabera, 1.800.000 euroko aurrekontua izango du enpresak obra bakoitza egiteko.

Udaleko ordezkariek jakinarazi dutenez, batez ere, obren eraginez eremuan mugituko diren kamioien trafikoak eragingo dio batez ere herritarren autoen zirkulazioari. Gainera, kamioiak etengabe ibiliko direnez, aurrera eta atzera fase guztiak amaitu arte, ez dute plaza inguruan lurzorua jarriko, ibilgailuen mugimenduaren ondorioz hondatu ez dadin. Hala, guztia amaitu bitartean, betoiak ordezkatuko du lurra.

Behin behineko aldaketak

Lanak amaitu bitartean, aldaketak izango dira autoentzako sarreretan eta irteeretan. Dagoeneko hasi da Aritzaga kaleko fasea, eta une honetan, Txistulari kalean kokatu dituzte herrirako sarrera zein irteera. 2,40 metroko altuera baino gehiago duten ibilgailuen kasuan, Txanka-Hondartzako errepidetik irten beharko dute laster; Txistulari kalea soilik sarrera izateko egokitzen dutenean. Dena den, Orioko Udalak jakinarazi duenez, aurki Diketik izango da irteera Txistulari kaletik beharrean, eta hor mantenduko dute lan guztiak amaitu bitartean. Obrek aurrera egin ahala, baina, baliteke beste bideren bat itxi behar izatea eta beste aldaketaren bat egotea. Kasu horietan, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko dute herritarrek.

Bestetik, aurtengo San Nikolas jaietan obra bete-betean izango da plaza ingurua. Beraz, festetako ospakizun eta egitasmoak aurten nora lekualdatu daitezkeen aztertzen ari da dagoeneko udala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!