Iraitz Lazkano izango da aurrerantzean UEMAko lehendakaria

Karkara 2019ko urr. 5a, 16:07
Iraitz Lazkano izango da UEMAko lehendakaria. (UEMA)

Getarian egin dute batzarra gaur goizean, eta Elgetako alkatea aukeratu dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea gidatzeko hurrengo lau urteotan.

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta batzarkideek Elgetako alkate Iraitz Lazkano hautatu dute UEMAren lehendakari hurrengo lau urteotarako. Lehendakariordea, berriz, Bermeoko alkate Aritz Abaroa izango da. Horiez gain,  Zuzendaritza Batzordea osatuko duten beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte batzarrean; horien artean izango da eskualdekorik: Zarauzko zinegotzi Irune Urbieta (EAJ) eta Zestoako zinegotzi Nerea Odriozola (EH Bildu). 

Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasota konfiantzagatik, eta baita orain arteko lehendakari Josu Labakari eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere. Azken agintaldian UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: "Euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”.

Adostasunari dagokionez, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta Zuzendaritza Batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Lazkanok. "Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere”. Bestalde, herri txikien garrantzia ere nabarmendu nahi izan du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!