"Asko aldatu da tabernari ofizioa azken 25 urteotan"

Karkara 2019ko urr. 11a, 10:30

25 urte bete ditu gaur Orioko Salatxo tabernak, eta urteurrena ospatzeko jaialdia egingo dute gauean.

Gaur da Salatxoren 25. urteurrena. Nola ospatuko duzue?

Etxekoak eta lagunak elkartuko gara tabernan lehenengo, arratsaldean. Gero, 20:00etan,DJ Txabolak irekiko du jaia, 80ko hamarkadako musika jarriko du. 23:00etatik aurrera, DJ Illarrarekin batera arituko da Txabola.

Ilusio handia dugu herritarrekin batera urteurrena ospatzeko. Gauza asko bizi izan ditugu 25 urteotan, onak zein txarrak, baina onekin geratu besterik ezin dugu egin. Horietako bat da hemen jarraitzen dugula oriotarrei esker, jendeari esker, alegia. Herritarrengatik ez balitz, ez ginateke hemen egongo oraindik. Horregatik antolatu dugu jaialdia Zuek gabe ez litzatekeelako posible izango izenburu hartuta.

1991. urtean jarri zenuten martxan Salatxo taberna.

Nire anaia zenak, Joxe Egibarrek, eta biok ireki genuen taberna. Hasieratik izan da gurekin ahizpa ere, Marisa Egibar. Ibaiertzean lokal bat erosi genuen, eta martxan jarri genuen taberna. Gero, alboko lokala ere hartu genuen, terraza jarri ahal izateko. Hala abiatu genuen proiektua, eta hemen gaude oraindik, hasi ginen toki berean.

Askorako eman dezake mende laurden batek...

Bai, azkenean 25 urte izan dira, eta gogorrak eta zailak izan dira horietako batzuk. Dena den, gustura gaude hemen, eta jarraitzeko gogoz.

Mende laurdenean gauza asko ikusiko zenituen barraren atzeko aldetik, ezta?

Bai, jende asko, gauza asko, pasarte asko. Ikusmira handia dugu barraren atzetik, eta psikologo gisara ere aritu behar izaten dugu sarri. Niri asko gustatzen zait egiten dudan lana, urteen joan-etorria medio, aldatu egin den arren.

Tabernari ofizioa aldatu egin da, beraz?

Bai, asko aldatu da. Azken finean, egoera aldatu egin da, jendearen ohiturak aldatu egin dira. Batez ere, jendearen ohiturak dira desberdinak. Orain ere jendea badabil tabernan egunero, bai, baina bestelako joera batzuekin. Esaterako, aste barruan jende gutxiago bertaratzen da. Gainera, ostirala iristen denean, asteburuaren atarian gaudenean, kanpora joateko joera handiagoa dago gaur egun, edota jaiegunak eta zubiak iristen direnean. Ahal denean, azkenean jendeak kanpora joateko joera du. Lehen herrian geratzeko ohitura zegoen. Modu batean edo bestean, nabari dira aldaketa horiek, eta eragina dute tabernarion ofizioan.

Sukaldeak pisu handia du zuenean.

Ahizpa Marisa aritzen da gure sukaldean, hasiera-hasieratik. Lan handia izaten dugu bertako sukaldeari esker, ogitartekoak zein platerak eskaintzen ditugu. Esan dezakegu Orion dagoeneko klasikoa bihurtu dela Salatxo taberna, eta izen horren barruan, garrantzia berezia du tortillak. Ahoz aho ibili dute askok «Salatxoko tortilla», gurean dugun pintxorik bereziena da.

Zuen ondorengoek jarraituko al dute Salatxon?

Hala da, gaur gaurkoz bai. Gaur egun nire bi semeek tabernan egiten dute lan, nirekin batera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!