Hari zaharrak, hari berriak

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urr. 25a, 10:10

Rosaura Bravoren eskutik, laster abiatuko dute joskintza ikastaroa Orion. Hala, ideia eta amets berriek hartuko dute Kultur Etxeko beheko solairua, eta hariak eta jostorratzak eskuan, irudimenaren fabrika bilakatuko dute.

Oskargi elkarteak antolatuta, aurki jarriko dute martxan joskintza tailer berria Orion. Helburua da bertaratzen direnek josteko oinarrizko teknikak ikastea eta oinarrizko ezagutza eskuratzea, eta antolatzaileek azaldu dutenez, josten ikasi nahi duen edonork izango du parte hartzeko aukera. Dena den, batik bat, gazteei zein gizonezkoei egin diete dei izen-ematera, «ikastaroa genero aldetik ere orekatua izan dadin».

Joskintza, eraberrituta

Badira ia 30 urte Oskargik bere ibilbidea hasi zuenetik. Ordutik, hamaika ikastaro eta lan izan dituzte esku artean, irudimena bidelagun. Aurreko ikasturteetan ere izan da joskintzan aritzeko ikastaroa Orion, baina irakaslea erretiratu egin denez, Rosaura Bravok hartu berri du lekukoa. Jostuna da Bravo, eta 30 urte baino gehiago darama buru-belarri ofizioan. Besteak beste, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzako jantziak egiten ditu, eta berak egindakoak dira Donostiako buruhandi eta erraldoienak ere. «Jostuna zen nire ama, baina ez zuen sekula nahi izan nik ofizioa ikastea. Gogorra dela zioen. Nik, baina, nire kabuz ikasi nuen azkenean, eta ogibidean murgildu nintzen. Baserritarren janzkiak egin nituen lehenengo». Jendearekin jakintza elkarbanatzeko jauzia emango du orain, ikastaroaren bidez.

Momentuz, «erantzun ona» izan du aurtengo tailerrak, eta jada izena eman dute hamarnaka pertsonak. Azaroan hasiko dira eskolak, eta Bravok dio abiapuntua izango dela hori: «Azarotik Gabonetara bitartean, parte hartzaileek joskintza haztatzea nahi dugu; aurreneko lanak egitea, eta zer moduz moldatzen diren ikustea». Dena den, datozen asteetako frogen ostean, asmoa da Gabonen ondoren ere ikastaroarekin jarraitu ahal izatea.

Aurreneko saioetan, «parte hartzaileen nahien arabera» erabakiko dute zein eskulan egin eta zerri heldu. «Aukera asko daude: Gabonetara begirako apaingarriak, arropa zaharrarekin egindako poltsak, haurrentzako jostailuak», azaldu du Bravok: «Joskintza errentagarria izan dadin, garrantzitsua da erabiltzen ez dugun arropa edo bestelako materiala birziklatzea».

«Agian, izena eman duten batzuk ez dira sekula aritu josteko makinarekin; beraz, lehenengo kontaktua egin beharko dute azaroan, pixkanaka ikasteko», dio Bravok. Kultur Etxeko beheko solairuan izango da ikastaroa, eta bertan badira zenbait makina, baina jostunak azpimarratu du «garrantzitsua» dela norberak bere makina «erabiltzea eta ezagutzea», «autoekin gertatzen den bezala». Beraz, makina etxetik eramatea gomendatu du.

Informazio praktikoa

  • Helburua. Josteko oinarrizko teknikak ikastea eta oinarrizko ezagutza lortzea.
  • Norentzat. Irekia da ikastaroa, eta josten ikasi nahi duen orok eman dezake izena.
  • Irakaslea. Rosaura Bravo.
  • Noiz. Azaroan hasi eta Gabonetara arte. Astean bi ordu izango dira, eta erabakitzeke daude eguna eta ordutegia.
  • Non. Orioko Kultur Etxean.
  • Prezioa. Doan. Baina Gabonetatik aurrerako eskolak ordaindu egin beharko dira.
  • Izen-ematea. Urriaren 31 baino lehen. Orioko Kultur Etxera bertaratuta edota 943-13 44 09 telefono zenbakira deituta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!