"Herri batek bere ondarea du, eta ondare horretan transmititzen dira bere baloreak eta identitatea"

Rikardo Uzkudun 2019ko urr. 23a, 09:54

50 urte bete dira aurten Jorge Oteizak Arantzazuko basilikan 14 apostoluak eta pietatea jarri zituenetik, eta hori dela eta, Nabarralde Fundazioak Arantzazuren inguruko dokumentala argitaratu du. Ostegunean Orioko Kultur Etxean proiektatuko da dokumentala, 19:00etan hasita, eta KARKARAk Nabarraldeko zuzendari Angel Rekalderekin hitz egin du lanaz.

ANGEL REKALDE - Nabarralde Fundazioko zuzendaria.

Nolatan egin duzue 'Arantzazu, harriz herri' dokumentala?
Badaramagu urte batzuk Memoria Guneak deitzen diegunak jorratzen. Zer dira Memoria Guneak? Herri baten historiaren eszenatokiak. Horietan gertatu direnak herri baten errelatoa osatzen laguntzen dute. Adibidez, Gernika edo Amaiur. Arantzazu ere Memoria Gune bat da, eta konturatu ginen gipuzkoarren artean oso ezaguna zela, baina ez horrenbeste gainerako euskaldunen artean. Arantzazun, batetik, artearen historia dago, baina bestelako arrazoiengatik ere erreferentziala da. Euskaragatik, euskara batua martxan jarri zen Euskaltzaindiaren biltzar famatua han egin zelako; baita pasaiagatik eta beste hainbat arrazoirengatik ere. 

Herri batek bere ondarea du, eta ondare horretan transmititzen dira bere baloreak eta identitatea. Ondare hori leku zehatz batzuetan kokatzen da, eta hori erakusteko egin dugu Arantzazuri buruzko dokumenta hau.

Arantzazu artista askoren lanaren fruitua izan zen, baina Oteizaren lana da, nolabait esateko, ezagunena. Zergatik? Zer eman zion Oteizak Arantzazuri?
Arte mailan, Oteizaren ekarpena nabarmena izan zen, sinbolikoa. Arte erlijiosoa herriaren komunitatearekin lotu zuen, eta artistikoki iraultza bat ekarri zuen. Beste artistek ere garrantzia izan zuten, baina Oteiza izan zen, nolabait, brankako irudia.

Garai horretan, euskaldunok krisi latz batean geunden murgilduta; diktadura betean geunden eta momentu kritiko bat zen euskaldunontzako. Plano horretan ere, Oteizak beste ekarpen bat egin zuen, gure izatearen irakurketa metafisikoa egin zuen. Gaur egun ez da oso politikoki zuzena, baina bera euskaldunon esentzia, metafisika, azaltzen aritu zen. Bere obretan plasmatu zuen ideia hori, eta euskaldunei babesleku bat eman zien, momentu latz horietan: "Hemen daukagu gure lekua, gure kultura eta jarraitu dezakegu gu izaten". Berak, neurri batean, esan zuen aspaldiko kultura bat garela, baina aurrera egin dezakegula traineruaren irudia erabiliz. Atzera begiratuz arraun egin, aurrera joateko.

Zer ikusiko dugu oriotarrok osteguneko emanaldian?
Gazteei begira egin dugu, eta kontatu dizudan horren guztiaren errelato bisuala ikusiko da. Ez da irakurketa metafisikorik azalduko, baizik eta lekua eta paisaia ikusiko da, batez ere, gertatukoaren narrazioarekin batera. Hortik aurrera, abstrakziotan sakondu nahi duenak, hor dauzka bere museoa eta Arantzazu bera. Oso modu atseginean azaltzen da gertatutakoa dokumentalean.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!