Emakumeen Ahalduntze Eskola jarri dute martxan Orion

Karkara 2019ko urr. 24a, 10:07

Harrera zerbitzua abian da, eta eskolak datorren urtearen hasieran martxan jartzea aurreikusten dute  Eider Goiburuk eta Aizpea Esnaolak.

Atzo emakumeen Ahalduntze Eskola aurkeztu zuten Orion, Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola Berdintasun teknikariek eta Anuska Esnal alkateak. Aste honetan bertan ireki ditu ateak, eta herriko emakumeek prestakuntza jasotzeko, hausnartzeko eta elkarrekin egoteko gunea izatea du helburu. Ahalduntze Eskolan «herriko errealitatera egokitutako» politika feministak gauzatu nahi dituztela ere nabarmendu zuen Esnalek.

Proiektuaren abiapuntua Goiburuk eta Esnaolak zuzendutako Orioko emakumeen beharren diagnosia izan da, eta horren bidez identifikatutako hutsuneak landuko dituzte Ahalduntze Eskolan. «Diagnosi horren datuak oso esanguratsuak dira, eta argi dago badugula zer hobetua berdintasunean bizi den herria izan nahi badugu. Berdintasun politikak sustatzea Martxoaren 8an zapi morea janzteaz haratago doa, eta horregatik, ibili behar dugun bide luzearen lehen pausoa da Ahalduntze Eskola», azpimarratu zuen Orioko alkateak. 

Feminismoa indartzen
Ahalduntze Eskola «herrian dauden beharretatik abiatuta» sortu dute Eider Goiburuk eta Aizpea Esnaolak. Eskolak emakumeen ahalduntzea eta saretzea bultzatu nahi du, eta, horretarako, ahalduntze pertsonala eta kolektiboa eskuratzeko prozesuan aurrera egiten lagunduko dieten gaitasunak ikasi eta garatuko dituzte emakumeek bertan. 

Proiektua bi teknikariek garatu badute ere, Ahalduntze Eskola sortzea ez da beraien ideia bakarrik izan. «Orion mugimendu feministak indar handia hartu du azken urteetan, eta sentitu genuen herrian bazegoela babesa horrelako proiektu bat martxan jartzeko. Gu Berdintasun teknikariak gara, eta esparru horretako hainbat proiektu profesionalki landu ditugu beste herrietan». Hala, Orion ere horretarako aukera bazutela ikusi zuten. Ahalduntze Eskola martxan jarri aurretik, Orioko emakumeen beharren diagnosia egin zuten bi teknikariek. 285 emakumek erantzun zuten galdera sorta, eta aurrez aurreko talde eztabaidetan 42 lagunek parte hartu zuten. Gainera, adin, jatorri eta sexu orientazio desberdinetako emakumeek parte hartu zuten, eta aniztasun funtzionala ere kontuan hartzen saiatu dira. «Izan ere, ulertzen dugu emakumeok, emakume izateagatik bakarrik, egoera zaurgarria bizi dugula, baina badaude egoera hori okertzen duten hainbat faktore».

Goiburuk eta Esnaolak Orioko emakumeen ahotsak eta esperientziak biltzen dituen diagnosia azaroaren 14an aurkeztuko dute 18:30ean, Salatxo aretoan. Herritarrak saiora gonbidatu dituzte.

AHALDUNTZE ESKOLAKO INFORMAZIO PRAKTIKOA
Lan ildoak
- Ahalduntze Eskolak. Ikastaroak, hitzaldiak eta tailerrak eskainiko dituzte emakumeentzat, gorputza eta osasuna, indarkeria matxista, emakumeen autonomiarako baliabideak eta parte hartzearen inguruan.
- Apal morea. Orioko liburutegian hainbat liburu feministaz osatutako apala sortuko dute. Pentsamendu eta ikuspegi feministak zabaltzea du helburu ekimenak.  
- Harrera. Bulegoa irekita izango da Orioko Kultur Etxean, ostegun goizetan eta ostiral arratsaldeetan. Bertan emakumeen ekarpenak, proposamenak eta beharrak jasoko dituzte teknikariek.

Harremanetarako
- Posta elektronikoa:  ahalduntzeeskola@orio.eus
- Telefonoa: 623 17 85 53
- Twitter: @ahalduntze 
- Facebook:  @oriokoahalduntzeeskola
- Instagram:  @oriokoahalduntzeeskola

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!