PAPEREKOA

Hari-mutur solteak kolore morez josiz

Dorleta Agiriano Lai 2019ko urr. 31a, 11:30
(Aiora LarraƱaga)

Martxan da emakumeentzako Ahalduntze Eskola Orion. Emakumeen beharrak eta nahiak identifikatzeko ikerketa egin ostean abiatu dute ahalduntzerako eta saretzerako oinarri izango den topagunea. Momentuz, harrera zerbitzua eskainiko dute Kultur Etxean, ostegunetan eta ostiraletan.

Egungo mugimendu feministak islatzen dituen hausnarketa eta behar kolektiboak xehatzen hasita, hamaika bidezidor ireki daitezke zerumuga morera bidean, parez pare. Orion ere forma propioa hartu du prozesu horrek: Emakumeentzako Ahalduntze Eskola. Aurten abiatu dute proiektuaren sorkuntza prozesua Eider Goiburuk eta Aizpea Esnaolak, eta adreilu sendoak jarri dituzte dagoeneko.

Xaltxerak talde feministako kideak dira biak, eta aurreko ikasturte amaieran ekin zioten emakumeen ahalduntzerako proiektu zehatz bat irudikatzeari eta eraikitzeari. "Ez genuen nahi, proposamen konkretua guk biok soilik osatzea; prozesuak parte hartzailea izan behar zuela uste genuen, benetan jabekuntzaren helburua bete dezan. Beraz, aurreneko fase modura, Orioko emakumeen beharrak eta nahiak identifikatzeko diagnostikoa egitea erabaki genuen, emaitzen araberako proiektua diseinatu ahal izateko. Emakumeon benetako errealitatean oinarritutako proposamena sortu nahi genuen", azaldu dute.

Bi fase barnebildu ditu diagnostikoak. Batetik, "emakumeen interesak eta beharrak" mahaira ateratzeko, galde-sorta bat sortu zuten Goiburuk eta Esnaolak, eta 285 emakumek erantzun dituzte bertan jasotako galdera eta auziak. Bestetik, zazpi talde eztabaida egin dituzte Orion bizi diren 42 emakumerekin. Hala, "bertako emakumeen aniztasuna" jaso, eta jatorri, adin eta sexu orientazio desberdineko hainbat emakume elkartu dira mahai baten bueltan, hausnartzeko "nola bizi dugun emakumeok Orion bizitzea, emakume izatetik".

Hitz egiteko beharra

"Talde modura antolatutako emakumeengana jo genuen lehenengo, baina lanak izan genituen taldeak identifikatzeko orduan, dio Esnaolak: Ez da erraza Orion emakumeak non biltzen diren edota non antolatzen diren antzematea. Hala, ikusi genuen behar hori ere badagoela". Xaltxerak talde feministako kideek, Orio Feminista taldekoek, Etxeluze gaztetxeko emakumeek, emakume nerabeek, esperientzia eskolakoek, emakume lesbianek eta emakume arabiarrek hartu dute parte eztabaidetan. Esnaolak eta Goiburuk azaldu dute, batez ere, jatorri atzerritarreko emakumeekin harremanetan jartzea izan dela zaila: "Hori da prozesuari esker atera ahal izan dugun ondorio nagusietako bat: jatorri eta kultura desberdineko emakumeak bizi gara Orion, baina ez dago elkar harremantzeko eta ezagutzeko espaziorik, eta uste dugu garrantzitsua dela elkargune horiek sortzea". Dena den, azpimarratu dute emakumeen artean "oso harrera ona" izan duela abiatutako dinamikak.

Hasiera batean diagnostikoa hiru hilabetean egitea aurreikusi bazuten ere, azkenean, hilabete eta erdian amaitzea lortu zuten Goiburuk eta Esnaolak. Difusio fasean murgildu dira orain, eta emaitzak argitaratzen hasi dira pixkanaka: "Eztabaidetan parte hartu zutenei pixkanaka aurkezten ari gara diagnostikoan orain arte bildutakoa, eta guztiek dute jakinmina gainontzeko taldeetan hitz egin dena ezagutzeko". Ahalduntze Eskolak ere eman ditu aurreneko pausoak; izan ere, martxan da dagoeneko, Orioko kultur etxeko lehen solairuko gela batean. Eskolaren sortzaileek azaldu dutenez, hiru bide jorratuko dituzte batez ere. Alde batetik, harrera zuzena jarriko dute martxan kultur etxean. Hala, ordutegi baten barruan, bertara jotzeko aukera izango dute Orioko emakumeek, "proposamenak egiteko, edota arazoren bati aurre egiteko babesa edota laguntza eskatzeko". Hain zuzen, ostegunetan 10:00etatik 13:00etara eta ostiraletan 16:00etatik 19:00etara egongo da martxan harrera zuzenerako zerbitzua. Gainera, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan izango dira, beharra izanez gero.

Bestetik, "liburu feministaz osatutako Apal Morea" sortuko dute Orioko udal liburutegian, abendutik aurrera. "Helburua da herri mailan kultura feminista hedatzea, Ahalduntze Eskola ezagutaraztea eta, liburu bidez, jendea proiektura hurbiltzeko baliabideak eskaintzea", azaldu dute. Azkenik, Ahalduntze Eskolaren enbor nagusi modura, emakumeen "ahalduntzerako" ikastaroak izango dira, 2020. urtea hastean. Diagnostikoaren bidez eskuratutako emaitzetatik abiatuta, ikastaroan landuko diren edukiak prestatzen ari dira Esnaola eta Goiburu: "Emakumeen eskakizunak baditugu esku artean; orain, guztia koordinatu eta irakasleak lortu behar ditugu, ikastaroak martxan jartzeko".

Emaitzak eskuan

Orioko emakumeen diagnostikoak, Goiburuk eta Esnaolak azpimarratu dutenez, argitu du zeri heldu, eta batez ere, zeren inguruan hausnartu. Kezka ere sortu du talde eztabaidetan agerian geratu den errealitateak. "Nolabaiteko beldurra edo tristura sortu dute emaitza batzuek, adineko emakumeen artean batik bat. Izan ere, eztabaidetan parte hartu duten gazteen testigantzak entzutean, pentsatu dute: gazteek ere hala bizi al dute? Askok uste zuten aldaketak izan direla herrian. Gazteen hitzak entzutean, baina, ikusi dute  zenbait logikak indarrean jarraitzen dutela, eta beldurra sentitu dute", dio Esnaolak. Goiburuk azaldu duenez, "gogorra da nerabeen diskurtsoa, jakitun direlako ez direla aske bizi". Esaterako, "edertasun ereduak betetzeko presio handia" aipatu dute gazteek (eta ez soilik gazteek); baita "heteroarauetik irteten direnek jasan behar izaten duten indarkeria" edota "Orioko espazioetan bizi duten askatasun eza" ere. "Indarkeria matxista beren azalean jasaten dute, eta askok ez dute beren etorkizuna Orion irudikatzen. Gogorra da hori adieraztea zein entzutea". Gainera, "adin guztietako emakumeek adierazi dituzte intentsitate maila desberdineko indarkeria matxista egoerak". "Errealitate bortitza da".

"Ikusi dugu gizon hegemonikoentzako sortutako herria dela Orio. Emakumeok ez dugu gure tokia aurkitzen askotan, baina gure artean ere badira berezitasunak; heterosexualak ez diren emakume askok herritik alde egin behar izaten dute, atzerrian jaiotako emakumeak kanporatuta eta ikusezin sentitzen dira, eta abar", azaldu du Goiburuk. Hala, Ahalduntze Eskolaren bidez, "denontzako herria sortzeko alea" jarri nahi dute Esnaolak eta Goiburuk; "emakumeek, baita zaurgarriago direnek ere, beren lekua izan dezaten, eta Orio anitzagoa izan dadin". Bide horretan, ezinbestekoa ikusten dute "ahalduntzean pausoak ematea".

"Emakumeen artean saretzearen beharra" ere nabarmendu du Esnaolak: "Ez gara inon elkartzen eta biltzen, ez dugu topagunerik; beraz, oraindik ez dugu guztion artean indarrik sortu. Lotura hori pizteko eta sortzeko, lehenengo elkartu egin behar dugu, saretu. Modu horretan ehunduko dugu elkarren arteko babesa, eta hala izango gara indartsu, kolektiboki".

Aurreneko izpiak

Galde-sortetan jasotako erantzunen arabera, Orioko emakumeen artean interes gehien pizten duten gaiak dira elikaduraren bidezko autozaintza (%64,6), mindfulness (%69,8), emozioen kudeaketa (%68,8), eta autodefentsa feminista (%61,1). Bost multzotan sailkatu zituzten gai guztiak: gorputza eta osasuna, autoestimua, indarkeria matxista, sormena, eta saretzea eta parte hartzea. Bloke bakoitzean, ondorengoak izan ziren emakumeek lehenetsitako heldulekuak: elikaduraren bitarteko autozaintza, zoru pelbikoaren lanketa eta sexu osasuna lehenengoan; mindfulness eta emozioen kudeaketa bigarrengoan; autodefentsa feminista eta indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa hirugarrengoan; oinarrizko brikolajea laugarrengoan; eta aniztasun kulturala eta autoantolaketa bosgarrengoan. Talde eztabaidetan, bost multzo horiez gain, zaintza, espazio publikoaren erabilera eta emakumeen autonomiarako baliabideak ere landu dituzte, baita bakoitza jorratzeko bide posibleak ere.  Azterketa kuantitatibo eta kualitatibo horietan lortutako emaitzak abiapuntua izango dira, Ahalduntze Eskolak barnebilduko dituen ikastaroak eta edukiak erabakitzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!