Indarkeria sexistaren aurkako aldarria ardatz, azaroaren 25ari begira jarri dira Orion

Karkara 2019ko aza. 7a, 14:00

Atzo eman zieten hasiera azaroaren 25ari begira antolatutako egitasmoei. Datozen asteetan ere izango da zer hausnartu, landu, ikasi eta aldarrikatu. Hona hemen Xaltxerak talde feministak, Ahalduntze Eskolak, Zingira Eskolak eta Orioko Udalak.

Gero eta gutxiago falta da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunerako, eta Orion motorrak berotzen hasi dira dagoeneko. Azaroaren 25aren harira, egitarau bateratua antolatu dute Xaltxerak talde feministak, Ahalduntze Eskolak, Zingira Eskolak eta Orioko Udalak, eta atzo eman zieten hasiera jarduerei. OSGI gorroto-delituak izan zituzten hizpide aurreneko saioan, eta dokumental bat ikusteko zein eztabaida egiteko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Datozen asteetan ere izango da zer hausnartu, landu, ikasi eta aldarrikatu Orion, indarkeria sexistari aurre egitea ipar. Azaroaren 14an, osteguna, Orioko emakumeen beharren inguruko diagnosia aurkeztuko dute Ahalduntze Eskolako kideek. Izan ere, iaz jarri zuten martxan ikerketa, herriko emakumeen testigantzak, bizipenak eta ikuspuntuak jasotzeko eta beharrak identifikatzeko. Emaitzak esku artean dituzte jada, eta argitara aterako dituzte datorren astean. 18:30ean jarri dute hitzordua, Salatxo aretoan.

Azaroaren 25erako, aldiz, Botere harremanak hezkuntzan hitzaldia antolatu dute. Amelia Barquin izango da hizlaria, eta 17:30etik aurrera arituko da, Salatxo aretoan. Gero, 20:00etan, kalera aterako dute indarkeria sexistaren aurkako aldarria: 20:00etarako elkarretaratzera deitu dute, Kale Nagusiaren hasieran.

Hurrengo egunean, azaroak 26, aisialdirako parada izango da. Sexijentziak askatuz antzezlana eskainiko dute Kultur Etxean, 19:30etik aurrera. Horrekin emango diote amaiera aurtengo egitarauari.

Egitaraua

Azaroak 14, osteguna. 18:30ean, Salatxo aretoan. Orioko emakumeen beharren inguruko diagnosiaren aurkezpena.

Azaroak 25, astelehena.

  • 17:30ean, Salatxo aretoan. Botere harremanak hezkuntzan hitzaldia, Amelia Barquinen eskutik.
  • 20:00etan, Kale Nagusiaren hasieran. Elkarretaratzea, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira.

Azaroak 26, asteartea. 19:30ean, Kultur Etxean. Sexijentziak askatuz antzezlana.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!