Berdin-Berdinak elkartea eredutzat hartu dute Mallorcako biltzarren

Aiora LarraƱaga 2019ko aza. 8a, 09:40
(Berdin-Berdinak)

Urriaren amaieran egin zuten Heziketa Fisikoko 6. Nazioarteko Kongresua, Mallorcan. Alicia Figueroak «kirolaren bidez gizartea aldatu eta giza balioak bultzatu» daitezkeela azaldu zuen bertan.

Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioko zuzendari tekniko Alicia Figueroa oriotarrak hitzaldia eman zuen urriaren amaieran, Mallorcan (Herrialde Katalanak). Heziketa Fisikoko 6. Nazioarteko Kongresuan, Gipuzkoako kirol egokituaren esperientziak  eta bizipenak gaia izan zuen hizpide. Kongresua Balearretako Unibertsitateak antolatu zuen, eta heziketa fisikoan adituak bildu zituen.
Figueroak Gipuzkoan kirol inklusiboaren arloan martxan dauden egitasmoak azaldu zituen, eta aipamen berezia egin zion Orioko Berdin-Berdinak kirol elkarteari. Izan ere, zuzendari teknikoak gertutik ezagutzen du proiektua, hasieratik elkartearen jardunean parte hartu duelako. 

Berdin-Berdinak egitasmoko lehendakari Miren Salsamendiren esanetan, «urrats garrantzitsua» da Figueroak elkartea «proiektu erreferente» gisa aurkeztea. «Gure lana ezagutzera eman zuen kongresuan, eta hori oso inportantea da. Blogaren, sare sozialen eta ekitaldien bitartez gure lana ikusgarri egiten saiatzen gara, baina Mallorcan gure proiektua adibidetzat jartzea aurrerapausoa izan dela uste dugu».

Berdin-Berdinak elkarteak bidalegun izan du Figueroa egitasmoa martxan jarri zutenetik, eta Salsamendik aitortu du kirol zuzendaria alboan edukitzeak ikasteko balio izan diela. «Gure irakaslea izan da. Gaian aditua da, eta gure tokiko ikuspegia zabaltzen lagundu digu. Gainera, Berdin-Berdinak elkartea Kirol Egokituko Gipuzkoako Federazioko kidea da, eta aterki horren pean egoteak babesa, ezagutza eta baliabideak eskaintzen dizkigu, oraindik hasi berriak garenez, asko baitugu ikasteko». 

Pertsona ardatza

Alicia Figueroa gustura dago Mallorcan hitzaldiak izan duen harrerarekin: «Erreferenteak gara jende askorentzat, eta horrek indarra ematen digu aurrera egiteko. Gure alea gehitzen jarraituko dugu, kirolaren bidez gizartea aldatzen laguntzeko eta sinesten ditugun balioak bultzatzeko: elkarbizitza, emozioaren garrantzia, desberdintasunaren onarpena, kontzientziazioa, naturarekiko harremana, balio positiboak…», adierazi du kirol zuzendariak, Berdin-Berdinak elkarteko blogean. Balio horiek guztiak landu nahi dituzte jarduera fisiko inklusiboaren eta kirol egokituaren bidez.

Bestalde, Figueroak azaldu du Mallorcako foroan «ikuspegia aldatzea» ere aldarrikatu dutela, pertsona interes guztien ardatza izan dadin. «Giza faktorea jarri behar da erdigunean, eta inklusio soziala bultzatu bizitzaren alor guztietan, baita kirolean ere».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!