Gutuna: Atzo, ezin bozkatu

Karkara 2019ko aza. 11a, 13:40

Honako gutuna helarazi dio KARKARAri oriotar batek, atzoko hauteskundeetan Orioko Ikastolan gertatutakoaren inguruan haserrea adierazteko. Bestalde, Divinari eskerrak eman dizkio.

Atzo, arratsaldeko 18:00etan Orioko Ikastolarako bidea hartu genuen senarrak eta biok, botoa emateko. Han bozkatu beharra dugu biok. Erretiratua da nire senarra, eta ezin du oinez ibili.

Ikastolara autoan hurbildu ginenean, piboteak jarrita aurkitu genituen; beraz, ezin genuen autoarekin pasatu. Orain arte, beti ireki izan dute bidea, bozkatu behar dutenek autoan mugitzeko beharra badute gunera sartu ahal izateko. Atzo, baina, itxita zegoen bidea.

Larriena izan zen, egoeraren berri izan arren, inork ez zigula irtenbiderik eman. Inork ez zigun lagundu piboteak kendu eta senarra eta biok botoa ematera joan ahal izateko irtenbide bat bilatzen. Interbentoreari ere esan nion, txartel gorria atera niola atzo gertatutakoagatik.

Azkenean, bizilagun batek, Divinak, bere etxetik jaitsi behar izan zuen, eta piboteak kentzen lagundu zidan. Hala, autoan pasatzea lortu genuen, eta botoa emateko aukera izan genuen.

82 urte ditu Divinak, eta ez dago azaldu beharrik zein borondate ona duen. Behin eta berriz erakutsi du, eta atzo ere hala egin zuen. Eskerrak eman nahi dizkiot, atzo eskainitako laguntzarengatik.

Bestetik, nire haserrea adierazi nahi dut. Gazteak ez dira ezertaz ohartzen, eta agintzen dutenak, are gutxiago. Herritarrenganako ardura gehiago izan behar dela uste dut, eta batez ere bozkatzeko eskubidea bezalako zerbait dagoenean jokoan, baita ezgaitasuna duen pertsona bat ere.

Ulertzen dut herriko obretan buru-belarri daudela orain, eta lanpetuta daudela, baina ez da nahikoa arrazoi.

Eskerrik asko, Divina.