Moilak autoentzako bi noranzko ditu dagoeneko

Karkara 2019ko aza. 12a, 12:15

(Orioko Udala)

Aurrerantzean, bi noranzko izango ditu Orioko moilak, eta herrira sartzeko zein herritik ateratzeko bertatik igaro ahalko dute autoek. Bestalde, moilako hondakin-gunea Endaia plazara lekualdatu dute.

Orioko Udalak hilabete hasieran jakinarazi zuen modura, galiboa kokatu dute moilan, eta bideak autoentzako bi norabide barnebilduko ditu aurrerantzean. Eguraldi txarraren ondorioz atzeratu egin dira bertan burutu beharreko lan guztiak; esaterako, lurreko markak eta seinalizazioak margotzea, baina azkenean, esku artean dute emaitza: bi noranzko ditu errepideak, eta beraz, hemendik aurrera, herrira sartzeko zein herritik ateratzeko bertatik igaro ahalko dute autoek.

Hala ere, udalekoek gogorarazi dutenez, moilatik irteteko, N-634 errepideko zubitik pasatu beharko dute autoek. Beraz, 2,40 metro baino baxuago diren autoak baino ez dira bertatik kabituko. Altuago diren ibilgailuen kasuan, Txanka-Hondartzako bidea erabili beharko dute.

Aldaketa honek oinezkoen egunerokoan ere eragingo du. Izan ere, udalak azaldu duenez, moilaren zatirik estuenetik ezingo da oinez igaro, "oinezkoen segurtasuna" bermatze aldera. Dena den, "bide alternatiboa" egokituko dute, hau da; moilatik kiosko ondora, eta handik Bizkarreneko etxera pasatzea, gero, moila ertzera itzultzeko. Bestalde, itxita egongo da Bordatxo ondoko oinezkoentzako bidea.

Hondakin-gunea, Endaiara

Moilako zirkulazio aldaketa dela-eta, bertako hondakin-gunea lekualdatzea erabaki du udalak; hain zuzen, Endaia plazara. Endaiatik moilara sartzeko bihurgunean toki gehiago izateko asmoz egin dute aldaketa.