'XUA GURASOEKIN ETXERA'

"Esaten ez bada, ez da jakiten"

Dorleta Agiriano Lai 2019ko aza. 23a, 14:19

Bosgarren urtez jarraian eta euri zaparrada artean, 'Dispertsioff' ekimenean murgildu dira gaur Orion. Aldarrikapenez eta elkartasunez jositako egitaraua dute esku artean, gauera arte luzatuko dena. Aurten, dispertsioaren auziaz gain, 'Xua Gurasoekin Etxera' plataformak hasitako borroka jarri dute erdigunean.

Dispertsioaren aurkako aldarriak hartu du gaur Orio, bosgarrenez. Ekiñe Saizar da antolatzaileetako bat, eta azaldu duenez, bost kidek jarri zuten martxan ekimena, "dispertsioa salatzeko asmoz". Dispertsioff hitz-jokoa izenpe hartuta, eta Patxi Uranga eta Gregorio Escudero herriko preso politikoak gogoan, bide eman zioten gaur-gaurkoz indarrean jarraitzen duen egitasmoari.

Saizarren arabera, helburua da "presoen eta dispertsioaren auzia herrian gizarteratzea": "Herritar askok egiten ditugu presoak ikusi ahal izateko bidaia luzeak asteburuetan, eta esaten ez bada, ez da jakiten. Oriotarrok ere jasaten dugu dispertsioaren eragina".

Xua, Patxi eta Olatz

Aurten, gainera, badute helduleku berri bat esku artean: Xua Gurasoekin Etxera plataformak hasitako borroka. Gaurkoan, lelo hori jasotzen duen materialaren presentziak argi irudikatzen du aldarriak aurtengo Dispertsioffen duen pisua. Ekainean aurkeztu zuten "herri ekimenez sortutako" plataforma, Xua eta haren guraso presoak (Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster) banatu ez ditzaten exijitzeko jaio zena. Izan ere, urtarrilaren 19an hiru urte egingo ditu haurrak, eta legearen arabera, ezingo du gurasoekin Picassenteko espetxean bizitzen jarraitu. Hala, hainbat oriotarrek, usurbildarrek (bertakoa da Lasagabaster) eta zarauztarrek Xua Gurasoekin Etxera dinamika abiatu zuten, bere isla izan duena Dispertsioff egunean.

"Bidegabekeria horrek ezin duela gertatu erabaki genuen hainbat herritarrek, eta plataforma sortu genuen", adierazi du Saizarrek: "Urangak zein Lasagabasterrek, biek bete dituzte ezarri zitzaizkien kartzela zigorren hiru laurdenak, eta beraz, kalean behar dutela uste dugu. Zer esanik ez, Xuari kartzelan eurekin bizitzea galaraziko diotela jakinda". "Banaketa traumatiko eta gogor hori gertatu ez dadin" sortu zuten plataforma, Xua gurasoekin etxeratu dadin eskatzeko.

Larritasuna

"Herrian gaia zabaltzeari ekin genion lehenengo. Gero, abesti bat sortu genuen oriotarren, usurbildarren zein zarauztarren parte hartzearekin, eta sinadura bilketa bat ere jarri genuen martxan, auzia herritarrei helarazteko", azaldu du Saizarrek. Milaka sinadura jaso dituzte dagoeneko. Dena den, pauso gehiago eman eta bistaratu dituzte bide horretan.

"Ikusita abenduan sartzera goazela eta Xuaren urtebetetzea ate joka dela, erakunde eta instituzioengana jo dugu dagoeneko". Hala, Orioko eta Usurbilgo udaletan mozio bat aurkeztea izan zen aurreneko jomuga, urriko osoko bilkuretan. "Aho batez" onartu zen bi udalbatzarretan Xua gurasoekin etxeratzearen aldeko mozioa. Gipuzkoako Batzar Nagusiak izango dira hurrengo geltokia; hitzordua hartua dute jada, abenduaren 16rako. Bestalde, Saizarrek gogorarazi du Arartekoarekin bildu zirela iragan ostegunean, eta hark, "bere esku zegoen guztia egiteko prestutasuna agertu" zuela. "Presaz eta larritasunez gabiltza orain, urtarrilaren 19a gertu dagoela ikusten dugu.

Motxiladun umeak

"Xua bera dago erdigunean Xua Gurasoekin Etxera dinamikan", dio Saizarrek: "Haurrei eta haurren eskubideei buruz ari garenean, egia da errazagoa dela jendearengana iristea. Gure kasuan ere uste dut asmatu dugula errealitatea ikuspuntu horretatik jorratzean". "Auzi honetan ezer aldatzerik lortzen ez badugu, Xua bat gehiago izango da motxiladunen umeen zerrenda amaigabe horretan. Badakigu zer sufritzen duten haur horiek, eta ez dugu nahi inork hori jasan behar izatea, ezta Xuak ere", nabarmendu du oriotarrak.

Une honetan, Picassenteko kartzelan daude Uranga, Lasagabaster eta haien alaba Xua. Saizarrek azaldu du bi presoek ezkondu egin behar izan zutela elkarrekin egon ahal izateko, "baina ezkonduta ere, bereizi egin zituzten gero". Xua jaio zenean, Picassenten zegoen Lasagabaster, baina ez Uranga. Hilabete pasatxoren ostean lekualdatu zuten espetxe berera, eta beraz, "Xua jaio eta hilabete eta pikura ezagutu zuen alaba aitak". "Gogorra izan zen kasua".

Egun, Urangak "oso gutxi ikusten du alaba"; astean bisita bat du. Gero, hilean behin aurrez aurreko hitzordua izaten dute hirurek, "familiakoa" edo "elkarbizitzakoa" deitzen zaiona, eta Picassentera senide gehiago bertaratzen direnean ere izaten du Xuarekin egoteko aukera, hori ere, soilik hilean behin.

Hala, Xua eta haren gurasoak elkarrekin etxeratu daitezen eskatuko dute gaur Orion, lau haizetara. Usurbildik abiatutako mendi martxarekin ireki dute eguneko egitaraua, eta Oriora iristean, ongi etorria egin diete oriotarrek. Guztiak elkarrekin mugitu dira frontoira gero, euri zaparradetatik eta haizetik babesteko eta mokadutxoa egiteko. Jago magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute han haurrek, eta eguerdian, herri bazkaria izango da Etxeluzen. Gauean ez du etenik izango egitarauak; 20:30ean hasita, kontzertuak izango dira gaztetxean. Hain zuzen, Rodeo, Kaskezur, Arrotzak, Hart eta Tropical Ice Land taldeak igoko dira oholtza gainera, aldarrikapenez eta elkartasunez jositako egunari amaiera emateko.

Kilometro gutxira ere, Zarautzen, elkartasuna izan dute jopuntu. Eguerditik hasita, Elkartasun Eguneko ekimenek hartu dute Putzuzulo gaztetxea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!