Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztuko dute ostegunean, Orion

Karkara 2019ko aza. 26a, 13:32
Euskaraldiko Urola Kostako koordinatzaileak, Topaguneko lehendakari Kike Amonarrizekin.

Euskaraldiaren bigarren edizioan, protagonismo berezia izango dute herriko elkarte eta taldeetan dabiltzan herritarrek.

Datorren ostegunean ekitaldia antolatu du Euskaraldiaren Orioko lantaldeak kultur etxean, 18:30ean hasita. Herritar guztiak gonbidatuta daude bertara agertzera. Bereziki, herriko elkarte eta taldeetan dabiltzanak, datorren urteko Euskaraldian protagonismo berezia izango dute-eta.

Ekitaldi irekia

Ekitaldiak bi zati izango ditu:

  • Lehenbizi, iazko Euskaraldiaren emaitzak azalduko ditu Soziolinguistika Klusterreko ordezkari batek. Soziolinguistika Klusterrak galdetegi bidezko ikerketa-lan bat egin zuen Euskaraldiaren eragina neurtzeko, eta, ikerketa orokor horren barruan, gure eskualdeko datuak berariaz aztertzeko eskaria egin zion Urola Kostako Udal Elkarteak. Ikerketa-lan horrek eman duena azalduko dute osteguneko ekitaldian.
  • Ondoren, 2020ko Euskaraldiaren aurkezpena egingo du Egoitz Dorronsoro Orioko dinamizatzaileak: epeak, ezaugarriak, aurreko Euskaraldiarekiko aldaketak…

Euskaraldiaren Orioko lantaldea hasita dago bilerak egiten datorren urteko Euskaraldia egoki antolatzeko eta osteguneko bilera izango da bigarren Euskaraldiaren abiapuntu formala. Aurreko Euskaraldiak oso erantzun ona jaso zuen Orion eta lantaldea emaitza are hobeak lortzeko ari da lanean. Iaz parte hartu zuten guztiak gonbidatuta daude osteguneko aurkezpen-ekitaldira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!