Asteburua ondo hasteko, umorea

Onintza Lete Arrieta 2019ko aza. 29a, 11:30

Geure buruei barre egiten ikasi behar genukeela irizten dio Aitor Arregi aiarrak. Gaur umore tailerra emango du, doan, Orioko gaztetxean, eta tailerraren arrakastaren arabera erabakiko dute proiektu finkoagoa sortu ala ez.

Serioegi hartzen dugu geure burua. Ondo etorriko litzaiguke umore gehiago, eta geure buruaz barre egiten ikastea». Hala pentsatzen du Aitor Arregi aiarrak. Eñaut Sarriegiri eta biei bururatu zitzaien umore tailer bat ematea lagun eta ezagunei. Asmo hori bertako komunikabideetara iritsi, eta ekitaldia zabalagoa bilakatu da ustekabean. Gaur bertan egingo dute tailerra, 17:30ean, Etxeluze gaztetxean. Hemezortzi urtetik gorakoentzat da, eta ez da beste baldintzarik bete behar tailerrean parte hartzeko. 

Helduei lotsa kendu eta barre eginaraztea da tailerraren helburua. «Zailena izaten da ariketetan parte hartzea. Baloia pasatzen hasten gara, eta hor ez da arazorik egoten. Baina zerbait esan behar dutenean, edo pailazoarena egin behar dutenean, zentzu onean, hau da, beren ariketak jende gehiago barrez jarri behar duenean, hor kokiltzen dira. Askatzea da zailena». 

Eta, hain justu, tailerrarekin horixe nahi luke lortu Arregik, «ordubete hartu eta barre egitea geure buruei». Hori alderdi psikologikoa lantzea den ala ez galdetuta, aiarra ez da ausartzen baieztapenik egitera. Bai, ordea, bere esperientzia azaltzera: «Niretzako badauka alderdi hori. Nik ezagutu dut psikologoa, eta orain joaten naiz antzerki tailer batera, psikologoari ez ordaintzeko». 

Ikaslea irakasle

Donostiako Zaldi Urdina akademiako antzerki tailerrean dabil uneotan Arregi, Ultramarino pailazoarekin. «Astean ordu eta erdiz ahazten naiz lanaz, familiaz, gauza guztiez, eta osasuntsua egiten zait». Berari gehien gustazen zaion ariketa taldeko inprobisazioa da. «Lau lagunen artean istorio bat osatu behar dugu inprobisatuz, eta desarrollo oso-oso surrealistak sortzen dira; oso dibertigarria da niretzat».  

Euskal gizarteari umorea falta al zaion galdetuta, Arregik arazoa beste alderdi batean ikusten du: «Gai askorekiko oso sensible jarri gara, oso jarrera defentsiboa hartzen dugu eta ez dugu onartzen umorea edo txisteak egitea zenbait arlotan. Ez dugu ulertzen txistea dela, denarekiko mina sentitzen dugu». 

Aurrera begira zer?

Gaur arratsaldeko saioaz, hiru gauza azpimarratu nahi ditu Arregik: doako tailerra dela; Arregi bera ez dela profesionala eta berak ikasitakoa irakasten saiatuko dela; eta umeekin lasai bertaratu daitekeela, pertsona bat edo bi egongo baitira horiek zaintzen.

Antzerki tailerrean ikasten ari denarekin eta aurrez clown tailer batean barneratutakoarekin prestatu du gaurko saioa. Hasiera batean Sarriegi ere parte hartzekoa zen, baina ezingo du bertaratu. «Hau proba pilotua da, jendea gustura gelditzen bada eta gehiago eskatzen badu, gaztetxeko batzarrean hitz egin eta erabakiko dugu zer egin. Gainera, badaude ni baino pertsona egokiagoak eskolak dinamizatzeko, adibidez, Iñigo Fernandez pailazo oriotarra. Haiekin hitz egingo genuke».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!