Elkartasun Ikastolen batzarra egin dute Orioko Herri Ikastolan

Karkara 2019ko aza. 29a, 16:43

2020an 840.000 banatuko ditu Elkartasun Kutxak, behar handienak dituzten ikastolen artean.

Atzo egin zuten, Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia, Orioko Herri Ikastolako areto nagusian. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellituk sare sozialen bidez azaldu zuenez, Elkartasun Kutxari eskaera egin dioten 10 ikastolen artean banatu dituzte ikastola guztiek 2020 urterako egin dituzten ekarpenak, 840.000 euro hain zuzen ere. "Diru hori esker premia handiena duten ikastolek aurrera egiten dute", adierazi zuen.

Ikastolen elkartetik jakinarazi dutenez, ikastola bakoitzak ikasle kopuruaren arabera ekarpena egiten du urtero, eta hortik elikatzen da Elkartasun Kutxa. Batzorde tekniko batek aztertzen ditu Elkartasun Kutxaren laguntza behar duten ikastolen eskariak, eta txostena Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusian bozkatzen dute. Hala, 2020an hurrengo ikastolek jasoko dute Elkartasun Kutxaren laguntza: 

- Lekorneko Baigura, Basusarriko Biez Bat, eta Angeluko Kimua ikastolei eta Kanboko Ikastolen Etxeak.

- Tuterako Argia eta Lodosako Ibaialde ikastolek.

- Bastidako Bastida eta Argantzungo Argantzon ikastolek.

- Bilboko Abusu eta Harrobia ikastolek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!