Aizperrok eta Peñagarikanok apustua Azpeitiko zezen plazan jokatzea erabaki dute

Karkara 2019ko aza. 30a, 17:00

Azpeitiko zezen plazan izango da Josean Olaskoaga Aizperroren eta Kepa Peñagarikanoren arteko desafioa, 2020ko martxoaren 14an, 18:00etan hasita. Zestoa eta Azpeitiko udalekin hartu-emanetan aritu dira apustuaren antolatzaileak.

Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak eta Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak gaur zortzi hitzartu zuten erronka Azpeitiko Landeta auzoko Mendizabal tabernan. Egun horretan apustuaren hainbat kontu hitzartu zuten: bi kirolariek egin beharreko lanak, egurrak nork eraman, jarri beharreko dirua eta abar. Jokatzeko eguna zehaztu gabe, datorren urteko martxoaren bigarren asteburua finkatu zuten orduan. Zortzi egun hauetan, baina, hariak lotzen joan dira apustuaren antolatzaileak. Azkenean, hari mutur guztiak lotuta, adierazi dute erronka Azpeitiko zezen plazan jokatuko dela, 2020 martxoaren 14an, larunbatez, 18:00etan hasita.

Zestoako eta Azpeitiko udaletako ordezkariekin hartu-emanetan izan dira kirolariak erronka non jokatu erabakitzeko. Azkenean, Azpeitiko zezen plazan jokatzea erabaki dute. Azpeitiko Udalak erronka jokatzeko baldintza onak jarri dizkiela adierazi dute kirolariek. Non jokatu erabakitzea ez zaiela erraza egin adierazi dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!