Ertzaintzak onik atera du etxean gotortuta egon den gizona

Karkara 2019ko abe. 14a, 16:43

Lau ordu eta gero, ezbehar larririk gabe onik anbulantzian eramatea lortu dute eta zabalik daude berriz herriko hiru kaleak eta errepideak.

Eguerdiko 12:10 inguruan hasi da Ertzaintza Orioko kaleak ixten, antza, arazo psikologikoak dituen pertsona bat bere etxean sartuta zegoelako, arma batekin. Balearen, Eusko Gudari eta Arrantzale kaleak itxi dituzte eta bitartean agente gehiago iritsi dira gertaeraren tokira.

Inguruko bizilagunek ezin izan dute etxeetatik atera eta sartu, eta, hiru kaleetako komertzioetan zeuden herritarrek barruan itxaron beharra izan dute Ertzaintzak 14:00ak aldera ateratzeko abisua eman dieten artea. Kaleek, ordea, itxita jarraitu dute Ertzaintzaren auto eta furgonetez beteta.

Ertzaintzako negoziatzaileak lanean aritu dira 75 urte inguru dituen gizona etxetik atera nahian. Azkenean, arratsaldeko 16:21ean lortu dute, onik, etxetik ateratzea. Anbulantziako bi langileren eta ertzainen artean lortu dute esku-ohe batean anbulantziara eramatea. Gogoz kontra mugitu dute, anbulantziara sartzerakoan garrasika aritu da gizona.

Ezbeharra amaituta, ireki dituzte berriz ere herriko hiru kaleak eta errepideak.

Oraingoz ez dute zehaztasun gehiago eman.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!