Etxeluze Gaztetxeak Gabonetako agenda aurkeztu du

Karkara 2019ko abe. 16a, 12:39

Jon Kareaga aktibistak ostegunean eskainiko duen hitzaldiak emango dio hasiera Etxeluzeren abenduko agendari.

Hamargarren urteurrena ospatzen jarraitzen du Etxeluze Gaztetxeak. Horregatik, urtemuga bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte herritarrentzat, baina, oraingoz, abendukoak soilik plazaratu dituzte.
 
Hilaren 19an, ostegunarekin, Fuck Fast Fashion hitzaldia eskainiko du Jon Kareaga aktibistak, arratsaldeko 19:00etan, Etxeluzen. Kareaga 21 urteko Zumaiarra da, azken hilabeteetan asko entzun da bere izena, Donostiako denda multinazional baten aurrean bost egunez egon da, enpresak elkarrizketa emateko zain.  Bere printzipioak irmo defendatzen ditu, eta garbi dauka planetaren suntsiketaren iturburua sistema kapitalista dela. Made in, Made for dokumentala kaleratu zuen udan eta, hain zuzen, oihal industriari egindako kritika da ikus-entzunezkoa.
 

Abenduaren 23an, astelehenarekin izango da bigarren ekitaldia. Xaboi eta krema naturalen tailerra, hain zuzen. Arratsaldeko 18:00etatik 20:30era bitartean izango da, Etxeluzen. Parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera izango dute hilaren 18ra bitartean, Kolon Txikin. Plaza mugatuak ditu tailerrak eta 5 euroko balio du.

Eguberri egunean Ikatza Fest-ek hartuko du Gaztetxea, beste urte batez.18:30etik aurrera, hiru kontzertu eskainiko dituzte inguruko herrietako hiru taldek: Usurbilgo Dizerdit taldea, Zarauzko Hägendäs taldea, eta Zarauzko zein Oreretako Peedöh taldea.

Egitaraua abenduaren 28an, larunbatarekin itxiko da urteroko bertsio gauarekin.Lotsa alde batera utzi eta oholtza gainera igotzera animatu dituzte herritarrak. Parte hartu nahi dutenek, K2 eta Errusta tabernatan eman dezakete izena abenduaren 22a baino lehen. Egunean bertan, arratsaldeko 19:00etan azaldu beharko dute Etxeluzera. Horrez gain, aurrez gaztetxean entseatzeko aukera izango du nahi duenak. Entseguak adosteko, astero, astearteetan 19:30ean azaldu besterik ez dute Etxeluzera, antolatzaileak bertan egongo dira.

 
 
 
 
 
 
 
 
 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!