Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideak Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan dira gaur

Karkara 2019ko abe. 16a, 12:50

Xua Gurasoekin Etxera plataformak eta Sarek mozioa aurkeztu dute gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean. 

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordeak bilera egin du gaur, eta bertan izan dira Xua Gurasoekin Etxera Plataformako eta Sareko kideak. Batzordea informatzailea izan da, eta bi erakundeek motxiladun haurren datuak plazaratu dituzte, eta urtarrilean, gauzak aldatzen ez badira, Xua gurasoengandik banatuko dutela ere azaldu dute. Batzordean adierazi dutenez, egun "105 motxiladun haur daude". Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilean, eta orain arte amarekin bizi izan da Valentziako Picassent kartzelan. "Hiru urte betetzen dituenean bere gurasoengandik banatu eta amonarekin etorriko da Usurbilera. Horrek esan nahi du, hiru urterekin, bere aita, ama edo biak ikusteko asteburuetan 1100 kilometro egin beharko dituela. Dena dela, Xua ez da egoera horretan dagoen haur bakarra. Guztira, gaur egun, 105 motxiladun haur baitaude", adierazi dute batzordean.

Xua Gurasoekin Etxera Plataformak eta Sarek egoera horrekin amaitu behar dela uste dute. "Zergatik ezin dira beren etxeetatik gertu dauden kartzeletan egon ama eta aita?". Horregatik, Espainiako legea betetzea eskatu dute. Bi erakundeek aurkeztu duten mozioa urtarrilaren 8an eztabaidatuko dute Batzar Nagusietan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!