Joseaba Ostolazak, Aimar Galarragak eta Gorka Etxeberriak parte hartuko dute 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketan

Karkara 2019ko abe. 18a, 14:00

Igandean, abenduak 22, 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatuko dute Asteasun (Gipuzkoa). Hamabi harri-jasotzailek parte hartuko dute txapelketan.

Duela 30 urte jokatu zuten harri-jasotzaile txapelketa berreskuratuta, 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa jokatuko dute igandean, abenduak 22, Asteasuko (Gipuzkoa) pilotalekuan. 12:00etan hasiko da lehia eta guztira hamabi harri-jasotzailek parte hartuko dute. Horien artean Orioko hiru harri-jasotzaile arituko dira: Joseba Ostolaza, Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria. Duela 30 urteko arau berekin jokatuko dute txapelketa: hiru minutuko bi txanda izango ditu parte hartzaile bakoitzak, eta jasoaldi gehien lortzen dituena izango da txapelduna. Irabazlea erabakitzeko berdinketa hautsi beharra badago, hiru jasoaldi azkarren egiten duenak irabaziko du.

Goenatxo I.aren omenaldian aurrenekoz

Duela ia 30 urte Jesus Mari Unanue Goenatxo I.a harri-jasotzaile azkoitiarrari egindako omenaldian egin zuten lehen aldiz 200 Kiloko Harri Errektangularren Txapelketa. Ezaugarri horiekin jokatutako azken txapelketa izan zen Asteasun egindakoa. Orduan, Juan Jose Unanue Goenatxo II.a azkoitiarrak irabazi zuen lehia. Saralegirekin batera 22 jasoaldi egin zituen azkoitiarrak, baina txapela irabazi zuen Goenatxo II.ak. Joseba Ostolaza zestoarrak ere parte hartu zuen orduko txapelketan. Orduko hartan 16 harri-jasotzailek parte hartu zuten. Aurten, berriz, hamabi kirolari ariko dira nor baino nor. Hona hemen zerrenda:

  • Joseba Ostolaza 
  • Inaxio Perurena
  • Aimar Irigoien
  • Jon Unanue Goenatxo III.a
  • Jokin Eizmendi
  • Julen Diaz
  • Xabier Aranburu
  • Aimar Galarraga
  • Xabier Peñagarikano
  • Iñigo Eizagirre
  • Martin Mendizabal
  • Gorka Etxeberria