"Aurten borobila atera zait denboraldia, eta oso pozik nago"

Karkara 2019ko abe. 19a, 09:11
Unai Zubizarreta.

Euskal Bodyboard Zirkuituko txapelduna da Unai Zubizarreta (Orio, 1998). 15 urterekin irabazi zuen lehen aldiz Gipuzkoako txapelketa, eta 21ekin euskal ligako txapela lortu du.

UNAI ZUBIZARRETA - Euskal Bodyboard Zirkuituko txapelduna

Euskal Zirkuituko txapelketa irabazi duzu bodyboardean. Ezustean harrapatu al zaitu?
Euskal Zirkuituan bi maila bereizten dira: 18 urte azpikoen maila, eta Open maila, adin guztietako bodyboardlariek parte hartu dezaketena. Nik azken kategoria horretan irabazi dut txapelketa, eta oso gustura nago. Ez nuen sekula pentsatu zirkuituko txapelduna izango nintzenik; proba bat edo beste irabazteko aukerak banituela uste nuen, baina txapelketa lortu nezakeela ez. Aurten borobila atera zait denboraldia, eta oso pozik nago.

Prestaketa aldetik zerbait aldatu al duzu txapelketan urratsa aurrera egiteko?
Olatuak daudenean, orduak pasatzen ditugu uretan, hori ez da aldatu. Hala ere, uste dut denboraren txapelketak jokatzen ere ikasi egiten dela, burua hotz mantendu behar baita eta olatuak ondo aukeratu. Zirkuituak hiru proba eta finala biltzen ditu.  Mundakako proba izaten da zirkuituko finala, eta kategoria bakoitzeko zortzi onenak sailkatzen dira hori jokatzeko. Aurten, Sopelanako Ereaga hondartzan jokatzekoa zen proba bertan behera geratu zen, eta aurreko bi probetan podiuma lortu nuenez, finalerako sailkatu nintzen. Dena dela, ez da finala jokatu dudan lehen aldia izan, iaz ere sailkatu bainintzen. Niretzat pribilegioa da bi urtetan Mundakan finala jokatzeko txartela lortzea. Izan ere, hango olatua oso berezia da, eta hiru-lau lagunekin batera Mundakan surfean aritzeko aukera ematen du finalak. Hori ez da beste inoiz pasatzen, normalean horrelako txokoak surflariz josita egoten baitira.

Euskal Zirkuitua irabazita, etorkizun hurbilari begira zein helburu zehaztu dituzu bodyboardean?
Oso diru gutxi dago bodyboardean, eta horrek asko baldintzatzen gaitu. Askotan aipatzen dut Europadako txapelketa batzuetara joatea gustatuko litzaidakela Mikel Atxega bodyboardlari oriotarrarekin. Zumaian antolatu izan denetan, parte hartu dugu, eta final zortzirenetara eta final laurdenetara iritsi gara. Azkenkoz, duela bi urte jokatu genuen, 19 urterekin. Jakin badakigu ez garela kirol honetatik biziko, oso gutxi batzuk iristen baitira maila horretara. Bodyboarda zaletasuna da guretzat; hala, ahal den olatu gehiena hartzea eta munduko txoko desberdinak ezagutzea da gure helburu nagusia. Horrez gain, Europako txapelketetan parte hartzea eta emaitza polita lortzea ere gustatuko litzaiguke.

Gaur egun, ba al duzue babeslerik?
Bai, alde batetik, Nine Bodyboards etxeak oholak ematen dizkigu, eta asko eskertzen dugu laguntza. Bestetik, Zumaiako Spot dendaren babesa ere badugu.

Zer moduzkoa da inguruko bodyboardlarien maila?
Uste dut Euskal Zirkuituan oso maila ona dagoela, Espainiko gainontzeko ligekin konparatzen badugu. Euskal Herriko hainbat bodyboardlari oso ondo aritzen dira Europako txapelketetan, eta horren adibide dira Zumaiakoak. Orion, gu baino nagusiagoak diren surflari gehienek surfa egiten dute. Atxega eta ni ere hasieran surfean hasi ginen 12 urterekin, baina Orioko olatua oso egokia da bodyboarda egiteko, eta pixkanaka, mundu horretan murgiltzen hasi ginen. 15 urterekin irabazi nuen nire lehenengo txapelketa, Gipuzkoako Txapelketa, eta ordutik ikasten eta hobetzen joan naiz. Gu baino nagusiagoa den Urtzi Garmendia oriotarra izan genuen bidelagun hastapenetan. Eskerrak eman behar dizkiogu egin zuen ahaleginagatik.  Itsasoari begira egoten zarete urte guztian.

Gainontzeko herritarrak, berriz, denboralea dagoenean gogoratzen dira itsasoaz. Pasa den asteburuko olatu handiak aprobetxatu al dituzue surferako?
Olatu handiak edo txikiak egonagatik, itsaso zikina ez da egokia surfean aritzeko. Itsaso handia eta haize egokia bat etortzen badira, berriz, baldintza aproposak egon daitezke, eta azken egunetan surflariok batetik bestera ibili gara, baldintza onak zituzten txokoen bila. Gu, normalean, Orioko hondartzan aritzen gara surfean, baina Euskal Herriko, Frantziako eta Portugalgo hondartzetara ere joaten gara, olatuen bila.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!