Plazako kiosko berria horia izan dadila proposatu dute herriko hainbat eragilek

Karkara 2019ko abe. 28a, 10:00

Urtarrilaren 10ean, ostiralarekin, egingo dute herri ekimena jendaurrean aurkezteko bilera, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian.

Plazako obrak aurrera doaz eta geroz eta gertuago dago amaiera. Irailaren 5ean jarri zituzten martxan Orioko Herriko Plaza berritzeko lanak, azpiegiturak konpontzeko eta plaza oinezkoentzako egokitzeko helburuarekin. Lanak amaitzeko hilabete gutxi falta direla ikusita, herriko hainbat eragile bildu ziren abenduaren 20an, plazaren etorkizunaz hitz egiteko. Batzarrean aipatu zuten garrantzitsua dela plazako kiosko berria "herriaren ikur bilakatzea", eta hori lortzeko hainbat ideiez eztabaidatu zuten. Besteak beste, kioskoari "aire berritzailea" ematea proposatu zuten. "Aukera desberdinak egon daitezke, baina kioskoari kolorea ematea polita izan zitekeela aipatu zuen lagun batek bileran, eta ideia ona iruditu zitzaigun". Hala, kolorean pentsatzean hasi zirenean, "denei kolore horia" etorri zitzaien burura. Horregatik, Orioko plazako kioskoa horia izan dadila eskatuko diote Orioko Udalari, eta horretarako herri ekimena abiatu nahi dute. "Horiak esanahi berezia du herriarentzat, eta turismoa erakartzeko baliagarria izango dela ere uste dugu".

Kioskoaren kolorea aukeratzeko bilera
Herriko eragileek bilera irekia antolatu dute, beren proiektua herritarrei eta udal ordezkariei aurkezteko. Urtarrilaren 10ean izango da, ostiralarekin, 19:30ean Orioko Kultur etxean. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte proposamenaren inguruan hitz egin eta erabakia hartzera.

Abenduak 29, 10:00: KARKARAk Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!