«Espero dut maiatzean orain bezala hitz egitea gutaz»

Karkara 2019ko abe. 24a, 13:30

Imanol Alguacil elkarrizketatu du Berria egunkariak oriotarraren taldea egiten ari den denboraldi aparta hizketagai. Pozik dago entrenatzailea, baina argi du talde gaztea direla, eta bai berak, bai jokalariek asko dutela hobetzeko.

Lehen itzulia amaitzeko partida bat falta da. 31 puntu dituzue, eta Europako postuetan zaudete. Zer nota jarriko zenioke taldearen jardunari?

Ez naiz notak jartzeko zalea. Nahiago dut sentipenez hitz egin, eta alde horretatik oso gustura nago. Lehen itzulia horrela amaitzea ederra da, eta ilusioa eragiten duen zerbait da, bai taldean, bai zaleen artean.

Zer da taldeak lehen itzulian egin duen gauzarik onena? Eta zer du hobetzeko?

Gauzarik onena taldeak erakutsitako nortasuna eta izaera lehiakorra izan da. Bai etxean, baita etxetik kanpo ere gertatu da hori, eta aurrean zuen arerioa edozein izanda ere. Hobetu, berriz, dena dugu hobetzeko, bai nik, baita taldeak ere. Izan ere, talde gaztea gara oraindik, eta hobetzeko tarte handia daukagu. Gogoa eta ilusioa ditugu horretarako.

Nola hartu dituzue taldea eta zu zeu jasotzen ari zareten laudorioak?

Beti dira onak laudorioak, horrek esan nahi baitu gauzak ondo egiten ari garela. Baina zuhurtziaz eta hankak lurrean izanda ere hartzen ditugu, oraindik asko falta baita denboraldia amaitzeko. Espero duguna da maiatzean jendeak berdin hitz egitea gutaz, gauza bera pentsatzea. Horretarako egingo dugu lan.

 

Irakurri Berria egunkarian Imanol Alguacil entrenatzaileari egin dioten elkarrizketa osorik, berria.eus atarian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide