"Azken berrogei urteotan, euskara hurbildu da literatura unibertsalaren hizkuntzara"

Danele Sarriugarte - postdata.elkar.eus 2019ko abe. 27a, 12:00
(Aritz Mutiozabal)

Danele Sarriugarte idazleak elkarrizketa labur bat egin dio Anjel Lertxundiri postdata.elkar.eus atarirako, 'Itzuliz usu begiak' saiakera liburuari buruz.

Solferinoko itsuak nola, itzultzaileak hala, beste hizkuntza eta kultura batzuetara alde egin behar du, baina herrira Itzuliz usu begiak. Halaxe deitzen da Anjel Lertxundik Alberdaniaren eskutik argitaratu duen liburu berria, saio literario bat, non bildu baititu itzulpenari buruzko ehun eta hemeretzi tesela.

Itzulpengintzari buruzko hausnarketak bildu dituzu liburu honetan. Antola zitekeen, besteak beste, gaika, baina hiztegi eran antolatu duzu liburua, zergatik?
Aspalditik nekien liburuak zer antolamendu izango zuen. Milosz poetak bere autobiografia argitaratu zuen horrela: hartu zituen bere bizitzako pasarteak, pertsonaien izenak, Poloniako gertakariak eta haien inguruan jardun zen. Oso formula ona iruditu zitzaidan, bere biografiako ertz asko, puntu asko garatzen dituelako, noski, ez duzu bakoitzean sekulako sakontasuna egiten, baina muina ematen duzu, eta ondoren beste gauza batera zoaz. Itzulpengintzari buruz hainbeste gauza esan litezke, perspektiba ugari bat eskaintzearen aldeko formula bat hautatu nuen.

Literatura itzulpenaz aritu zara bereziki.
Nobeletan zentratu naiz bereziki, bestela zeharo dispertsoa gerta zitekeelako. Ez du ematen, baina euskaraz asko itzuli da azkenengo hogeita hamar urte hauetan, eta nola badagoen ekimen bat bereziki horretarako –Literatura Unibertsala bilduma–, eta, gainera, literatura jasoaren ale inportanteak ematera bideratua dagoenez, horretan zentratu naiz.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: postdata.elkar.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!