Mailari eustea du helburu Orioko Preferente mailako futbol taldeak

Karkara 2020ko urt. 14a, 09:07
Orioko futbol taldeko jokalariak Beasain taldearen aurkako partidan.

Erregional Preferente mailako bigarren multzoan, hamalaugarren postuan dira oriotarrak, eta hilabete gora-beheratsuak pasatu ditu taldeak lesioak direla eta.

Gari Aguado zarauztarrak udan hartu zuen Orioko futbol taldeko preferente mailako gizonezkoen taldearen gidaritza, eta hasieran, taldea ezagutu bitartean, helburu zehatzik ez markatzea erabaki zuen. "Denboraldi hasiera uste baino kaskarragoa izan da. Kostatu egin zaigu martxa hartzea, baina azken partidetan askoz hobeto moldatu gara. Jokalariek badakite entrenatzaileok zer nahi dugun, eta guk ere badakigu taldeak zer maila duen eta nola jokatu behar duen". Asteburuko partida galdu bazuten ere, aurreko bi partidetan lau puntu eskuratu zituen taldeak. Arrasateren aurka berdindu egin zuten, eta hilaren 4an Beasainen aurka jokatutako partidan garaipena lortu zuten oriotarrek. "Beasain sailkapenaren buruan dago gure multzoan, eta denboraldiko partidarik onena egin genuen goierritarren aurka. Borobila atera zitzaigun norgehiagoka, eta taldekideok sentipen onak berreskuratu ditugu horren ondoren".

Futbol taldeko kideak gustura dira izaten ari diren bilakaerarekin. Zarauztarraren iritziz, talde osoaren kohesioak eragin zuzena du emaitzetan. "Hasieratik, gure erronka handiena talde izaera lortzea izan da, baina uste genuena baino gehiago kostatu zaigu". Astez aste, taldea hobetzen ari dela uste du Aguadok, eta helburu argia dute. "Denboraldia hasi zenetik, sailkapeneko beheko postuetan kokatuta gaude. Gure jokoa ez da txarra izan, baina berdinketa dezente izan ditugu, eta horrek kaltetu egin gaitu. Horregatik, aurrerantzean gehiegi sufritu gabe, mailari eustea izango da gure helburu nagusia". 

Lesioei aurre egiten
Azken hilabeteetan, jokalari askok ezin izan dute jokatu Orioko gizonen talde nagusian. "Hutsune guztiak lesioengatik izan dira, eta horrek ondorioak ekarri dizkigu". Ramon Erkiziak, esaterako, denboraldi-aurreko azken partidan min hartu zuen sorbaldan, eta oraindik ez da errekuperatu. Horrez gain, txorkatileko lesio dezente izan dituzte taldean; besteak beste, Oier Astigarraga Asti bi hilabetez jokatu ezinik egon da. "Zoritxarrez ez dugu hutsune horiek ordezkatzeko adina jokalari".

Dena dela, futbolari horiek utzitako hutsunea betetzeko, jokalari berri bat itzuli da Orioko taldera: Iker Urdangarin. "Urdangarinek gogotsu hartu du erronka berria. Azken hilabeteetan bere kasa aritu da korrika, eta abenduan hasi zen gurekin jokatzen. Fisikoki nahiko ondo dago, eta ari da jokoa berreskuratzen ere".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!