Gorka Etxeberriak irabazi du Euskadiko Ingude Txapelketa

Karkara 2020ko urt. 22a, 15:00
Gorka Etxeberria, txapelarekin. (Utzitako argazkia)

Igandean 87 jasoaldi egin zituen oriotarrak Mungiako probalekuan, eta txapela etxeratzea lortu zuen. Iaz harri handiekin aritu zen lanean, baina harri txikiekin jardungo du aurten.

Gorka Etxeberriak ez zuen nolanahi amaitu iragan astea; Euskadiko Ingude Txapelketako txapela buruan etxeratu zen Mungiatik. Igandean jokatu zuten 2019. urteko irabazlea erabakitzeko norgehiagoka, eta "lehia estua" izan zen arren,  gizonezkoetan gailentzea lortu zuen oriotarrak. Emakumezkoen lehian, Virginia Finol nafarra izan zen garaile.

Mungiako probalekuak hartu zuen Euskadiko txapelketa, eguerdian. Gizonezkoetan Ousmene Drame barakaldarra zen faboritoetako bat, baina argitu ez dituzten arrazoiak medio, ez zen lehiaketara bertaratu. Alejandro Fernandez ere ez zen aurkeztu. Hortaz, sei beharrean, lau ingudelari aritu ziren nor baino nor: Etxeberria, Ioritz Pereira, Beñat Obieta eta Angel Aristides. 18 kiloko ingudearekin jardun zuten lanean, minutu eta erdian. 87 jasoaldi egin zituen oriotarrak, eta Pereirak jarraitu zion atzetik, oso gertu: 85 aldiz altxatu zuen ingudea, Etxeberriak baino bi aldiz gutxiago. Obietak 75 jasoaldi egin zituen, eta Aristidesek, 68.

Sentsazio oso onarekin" amaitu zuen proba Etxeberriak, ezusteko gozoa izan baitzen garaipena: "Ez nuen irabazterik espero". Azaldu du ez zuela behar eta nahi beste entrenatu txapelketan parte hartzeko, hiru saio egin baitzituen aurreko astean. Gipuzkoako Ingude Txapelketan ere parte hartu zuen ekainean: "Ordurako bai, nahiko prestatuta joan nintzen, eta 84 jasoaldi egin nituen". Hortaz, sekulako ustekabea izan da oraingoan 87 altxaldi egitea eta txapela janztea: "Egun ona nuen, eta egin nezakeela sinetsi nuen".

Urtebete eta fruituak

Joseba Ostolaza Harri Eskolako kidea da Etxeberria, eta erronkaz betetako urtea izan zuen iazkoa. Besteak beste, 200 kiloko Harri Errektangular Txapelketan parte hartu zuen abenduan, Albizuri Handi Txapelketan azaroan, Igeldoko Harria Txapelketan abuztuan, Gorostidi Harria Txapelketan maiatzean, eta Plaza-Berri Harria txapelketan martxoan. 90 kilorekin, eta 24 urterekin.

Etxeberriak dio, iaz jokatutako txapelketetatik kuttunenak aukeratzekotan, bereziki hiru izango lituzkeela gogoan: Igeldoko Harria, Plaza-Berri Harria eta 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketa. Donostiako Trinitate plazan izan zen Igeldoko Harria proba, eta hirugarren egin zuen Etxeberriak, 13 jasoaldi lortuta. Garaileak, Jokin Eizmendik, bi altxaldi atera zizkion oriotarrari, eta bigarrenak, Beñat Telleriak, bakarra. Bestalde, Plaza-Berri Harria lehiaketan, Azkoitian, 139 kiloko harritzarrarekin aritu ziren harri-jasotzen, eta orduan ere hirugarren postua eskuratu zuen Etxeberriak, harri mardula zortzi aldiz altxatuta. 12 jasoaldirekin nagusitu zen Eizmendi, eta Kortaberrik bederatzi egin zituen. Bestalde, urte amaieran, 200 kiloko harria sei aldiz altxatu zuen oriotarrak . Asteasun izan zen, 200 Kiloko Harri Errektangular Txapelketaren barruan, eta iazko une maiteenetakoa du.

Aurten ere hamaika izango dira zerumugak, baina oraingoan, harri txikiekin jarduteko asmoa du. Bide luzea du aurretik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!