Urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako egitaraua argitaratu du Orioko Greba Batzordeak

Karkara 2020ko urt. 23a, 11:30
Greba Orokorraren aurkezpena, aurreko urte amaieran. (@EskubideenKarta)

Goizean goiz hasiko dira grebari lotutako ekimenak. Eguerdian Donostiako mobilizazioekin egingo dute bat oriotarrek, eta arratsaldean, herriko kaleak hartuko dituzte. 18:00etan hasiko da Orioko manifestazioa, Ibai Ondoko plazatik.

Eskubide Sozialen Kartak deituta, Greba Orokorra izango da hilaren 30ean Euskal Herrian, "lan-pentsio-bizitza duinen alde". Orion ere duela hainbat aste ekin zieten prestakuntza lanei, eta Greba Batzordeak herria astintzeari begirako egitaraua esku artean du dagoeneko. Hala, dagoeneko jakinarazi dute zein ekimen izango diren herrian.

Goizean goiz jarriko dute martxan grebari lotutako egitaraua, 08:00etan. Ordu horretan, txokolate beroa dastatu ahalko dute bertaratzen direnek, tokia oraindik zehaztu ez bada ere. Eguerdirako Donostiara mugituko dira oriotarrak ere, herrialde mailako mobilizazioarekin bat egiteko. Gero, Oriora itzuli eta bazkaria izango da Pergolan.

Arratsaldean, Orioko kaleak hartuko dituzte grebalariek. 18:00etan hasiko da herriko manifestazioa, Ibai Ondoko plazatik. Hortik N-634 errepidera mugituko dira, eta gero, herriko plaza zeharkatuko dute. Eusko Gudarien kalean barrena ibili ostean, Arrantzale kalera sartuko da mobilizazioa, eta Kale Nagusiaren hasieran amaituko da.

Greba Batzordearen arabera, goizerako ekimenak zehazten ari dira oraindik. Beraz, egitaraua oraindik ez dago itxita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!