Osteguneko greba orokorrari babesa adierazi dio Orioko Udalak

Karkara 2020ko urt. 28a, 14:30

Eskubide Sozialen Kartak deituta, etzi greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian, "lan, pentsio eta bizitza duinen alde". Abenduko osoko bilkuran, EH Bilduk greba deialdiari babesa adierazteko aurkeztutako proposamen-ebazpena onartu zuen Orioko udalbatzarrak.

Abenduaren 26an ohiko osoko bilkura izan zen Orioko udaletxean, eta besteak beste, EH Bilduk mahaira ateratako ebazpen-proposamen bat onartu zuen Orioko udalbatzarrak. Ebazpenaren bidez, datorren ostegunerako deitua dagoen greba orokorrari babesa adieraztea onartu zuen Orioko Udalak. Eskubide Sozialen Kartak egin du greba deialdia Hego Euskal Herrian, "lan, pentsio eta bizitza duinen alde".

Atxikimendua ematearekin batera, udalbatzarrak adostu zuen "greba egin ahal izateko erraztasunak ematea erakundeko langileei". Gainera, bat egin zuen Eskubide Sozialen Kartak pentsiodunen mugimenduarekin sortutako Aldarrikapen Taularekin ere; hala, udalak hainbat eskaera egin dizkie Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, eta Erkidegoko eta Lurraldeko Gobernuei.

Hona hemen Orioko udalbatzarrak onartutako proposamen-ebazpena, osorik:

"Horiek horrela, Orioko Udalak:

  1. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko grebari atxikimendua adierazi nahi die.
  2. Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldeko greba egin ahal izateko erraztasunak emango dizkie erakundeko langileei.
  3. Euskal Herriko Karta Sozialak pentsiodunen mugimenduarekin batera adostutako Aldarrikapen Taularekin bat egiten du, eta horregatik
    1. Madrilen osatuko den Gobernuari eskatzen dio:
      1. 2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea.
      2. Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea.
      3. Presazko izaeraz Gizarte Segurantzaren eta Enplegurako Politika Pasiboen gaineko eskumenak transferitu ditzala.
    2. Gasteizko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die:
      1. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeko neurriak presazko izaeraz ezar ditzatela.
      2. Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko neurriak abiatu ditzatela.
      3. Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea eta herrialdeko hitzarmenen aplikazioa estatu mailako hitzarmenen gainetik lehenetsiak izan daitezen sustapen-lana egin dezatela.
      4. Lanera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzea.
      5. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza-planak abiatzea.
      6. Lan-harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiatzea.
    3. Erkidego eta Lurraldeko Gobernuei eskatzen die:
      1. Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzeko neurri zehatzak aktibatu ditzatela.
      2. Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
      3. Soldata gutxitu gabe lanaldia 35 ordura jaisteko neurriak abiatzea.
      4. Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
      5. Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
      6. Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
      7. Klausula sozialak ezartzea administrazioko kontratazio guztietan.
  4. Orioko Udalean adostutako ebazpen hau Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Lurraldeko Gobernuari eta Euskal Herriko Karta Sozialari helaraziko zaie".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!