«Birusak izan dezakeen garapenaz ohartarazten du larrialdi mezuak»

Dorleta Agiriano eta Aiora Larrañaga 2020ko ots. 4a, 09:22

Txinan bizi da Eñaut Marti, eta urtarrilaren 15etik Euskal Herrian oporretan badago ere,  gertutik jarraitzen ari da koronabirusaren afera. Txinara bueltatzeko irrikaz da gaztea.

2016an iritsi zen Eñaut Marti lehen aldiz Txinara. Hasiera batean, oriotarra bi hilabetetarako joan zen Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntza graduaren barruan hainbat proiektu garatzera. Baina herrialdeak eskaintzen zizkion aukerak gustatu eta bertan bizitzen geratu zen. Egun, gazteak hainbat musika eskola ditu Txinan.

Zertan datza zure proiektua?

1 eta 6 urte bitarteko haurrekin musika lantzen dugu, eta gurasoek ere parte hartzen dute hezkuntza prozesuan. Horrez gain, musika tresnak jotzen ere irakasten diegu haurrei. Dena dela, ez dugu ohiko metodologia erabiltzen, garrantzi handia ematen baitiogu musika sortzen eta konposatzen ikasteari. Gure helburua ez da haurrek musika tresna bat jotzen ikastea, gure ikasleen artean sormena sustatzea eta musika beren bizitzako parte bilakatzea baizik.

Txinan zeunden koronabirusaren gaiak eztanda egin zuenean. Nola bizi izan zenuen?

Hasieran, ez zioten aparteko garrantzirik eman koronabirusari. Euskal Herrian esan ohi dute gripearen birusa herritarren artean indarra hartzen ari dela, eta halaxe gertatu zen Txinan ere. 2002an eta 2003an, SARS birusa zabaldu zen Txinan; pneumonia atipikoa eragiten zuen birusa zen, eta batzuek zioten horren antzekoa izango zela koronabirusa, baina pixkanaka garrantzia hartuz joan zen gaia. Urtarrilaren 15ean etorri nintzen Euskal Herrira, eta handik alde egin ondoren hasi zen egoera larritzen.

Txinako berririk ba al duzu?

Egunero hitz egiten dut nire lankideekin eta lagunekin. Urtarrilaren 25ean, txinatarrek urte berria ospatu zuten, eta haietako batzuk beren jaioterritik bueltatu ezinik daude orain. Agintariek hainbat neurri hartzeko eskatu diete herritarrei; besteak beste, ahal dela jende asko biltzen den guneetara joan ez daitezen eta leku horietara joan behar izanez gero, maskara erabil dezaten eskatu diete. Dena dela, uste dut egoera desberdin ikusten dela hemendik. Jende gutxik daki Txinan zer gertatzen ari den, eta ezjakintasun horren eraginez, nazioarteko komunikabideak nahiko mezu alarmistak zabaltzen ari dira.

Gaia bere testuinguruan kokatu behar dela uste al duzu?

Bai, ez da ahaztu behar Txinan 1.400 milioi lagun bizi direla eta pertsonen joan etorririk handiena izaten den egunetan zabaldu dela koronabirusa. Izan ere, urte berria ospatzeko jendetza joaten da jaioterrira edo aitona-amonak bizi diren herri eta hirietara.

Beraz, komunikabideek zabaldu duten alarma mezua eta benetako egoera bat ez datozela uste al duzu?

Larrialdi mezuak birusak izan dezakeen garapenaz ohartarazten ditu herritarrak, eta horrek neurri zorrotzak hartzera bultzatzen ditu; hau da, larrialdi egoerak gaixotasunaren zabalkundea eragozten laguntzen du. Normala da herritarren artean kezka zabaltzea, inork ez baitu kutsatuak izan eta gaixotzerik nahi. Baina ez da izutu behar, kontuz ibili behar da eta zentzuz jokatu.

Nazioartean ere oihartzuna izaten ari al da koronabirusa?

Bai, aurrekoan entzun nuen zenbait tokitan jada txinatarrak ez direla ongietorriak, koronabirusa dela eta. Harrigarria iruditzen zait munduko txinatar guztiek birusa izango balute bezala jokatzea. Horrez gain, hainbat hegal- di bertan behera uzten ere ari dira, eta oraindik orain, ez dut ulertzen horren arrazoia zein den. Batzuek diote koronabirusagatik dela; beste batzuk, berriz, uste dute Asiako herrialdera bidaiatzekoak ziren askok atzera egin dutela eta hegazkin konpainientzako ez dela errentagarria hegaldi horiek martxan jartzea.

Txinara bueltatzeak kezkatzen al zaitu?

Ez, are gehiago, hara bueltatzeko hegaldiak bilatzen ari naiz. Txinan bizi naiz, han egiten dut lan, eta nire bizitza han dago. Shangain [Txina] otsailaren 10era arte luzatu dute urte berriko oporraldia, eta ordura arte ezingo dute bulegora edo lantokira itzuli. Uste dut datorren astelehenera arte dena nahiko la- sai egongo dela eta jendea normaltasunera itzultzen denean ikusiko dela gaixotasunaren joera zein den. Hala, datozen asteetan koronabirusaren kasu gehiago ezagutuko direla iruditzen zait, baina Txinako Gobernua neurri zorrotzak hartzen ari da, eta ziur nago lehenago edo beranduago koronabirusa kontrolpean izango dutela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!