Surf ohola jasangarrien bila

Intza Unanue Arruabarrena 2020ko ots. 6a, 09:30

Mondragon Unibertsitateko ikasleek zortzi aste pasa dituzte surf ohola jasangarriak lortzeko buru belarri lanean. Hala, ingurumenarentzat kaltegarriak diren materialak ordezkatzea lortu dute.

Kartoiz eginiko surf  taula jasangarriak sortu dituzte Mon- dragon Unibertsitateko ikasleek, eta,  tartean dira Aitor Atorrasagasti eta Mikel Atxega oriotarrak. Prozesu Industrialetako Ekoteknologien Ingeniaritza graduko hirugarren mailako ikasleek ahalik eta ohola jasangarriena sortzea izan dute helburu proiektu horretan. Atorrasagasti eta Atxegak, beste taldekideekin batera, surf taulak eraldatzea erronkatzat hartu, eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren materialak beste batzuekin ordezkatzea lortu dute, material horiek igortzen duten karbono dioxido isurketa murriztuz.

Begia nukleoan jarrita

Surf oholak sortzeko erabiltzen diren poliuretanoa eta poliestirolak ingurumenean sortzen duten eragin kaltegarria murriztea izan da hasieratik ikasleen erronka, eta kartoizko nukleoak eraiki dizkiete surf taulei. Guztira, diseinu eta modelo ezberdineko hiru taula egin dituzte gazteek: Fish 5'5"-a, Fish 6'4-a eta Thruster 6'0-a.

Zortzi asteko lana

Bi hilabetez lanean jardun ostean, bost ikaslez osatutako hiru taldek proiektuaren bideragarri- tasuna probatu zuten pasa den astean Kontxako hondartzan, Donostian.Talde bakoitzak hamar minutu izan zituen taulak uretan erabiltzeko eta beste edozein surf oholek bezala funtzionatzen zutela erakusteko.

Oro har, proiektuak emaitza «oso positiboa» izan duela eta ondorio «interesgarriak» atera dituztela diote oriotarrek. «Izan ere, nahiz eta ohiko materiala ordezkatzeko erabilitako kartoia aurrekoa baino ahulagoa izan, hasiera batean, taularen funtzionamenduak berbera izaten jarraitzea lortu dugu», esan dute. Hala ere, gazteek adierazi dute ez dela behin betiko emaitza: «Akats batzuez ohartu gara olatuen gainean froga egiterakoan. Etorkizunerako hainbat aldaketa txiki beharko lituzke taulak».

Orain arte, produktuaren nukleoan soilik jarri dute begia, izan ere, kanpoko azala zuntz eta epoxi deritzen diren materialekin osatu dute, ohikoa den bezala: «Hurrengo pausua kanpoko azalaren materialarekin lanean jartzea izango litzateke, aztertu eta jasangarriagoa den beste material batez ordezkatzeko».

Ikasleek aldaketarako bidea argi eta garbi ikusten badute ere, produktua merkatura zabaltzeko ideia «oraindik potoloegia» dela baieztatu dute, akatsak zu- zendu eta hobekuntzak egiteak «lan handia» eskatzen duela uste baitute. Hala ere, ez diote aterik itxiko proiektuari. Izan ere, prozesuan zehar ikasle asko ohartu dira landu duten arloa «ikaragarri» gustatzen zaiela; horregatik, etorkizunera begira, aukerak aztertzen jarraitzeko «gogotsu» daude gazteak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!