Gutuna: Feministok haserre gaude

Karkara 2020ko ots. 7a, 12:14

Orioko Xaltxerak talde feministaren gutuna argitaratu zen KARKARAren 413. zenbakian. Webgunean ere irakurgai jarri dugu. 

2019a zapore garratzarekin bukatu dugula adieraztera gatoz. Xaltxerak talde feministatik jakinarazi nahi dugu gustura gaudela, behingoz, Orion, emakumeon ahotsak jasotzen dituen diagnosi bat osatu delako, eta instituzioek feminismoari tokia eman nahi diotelako. Behar-beharrezkoa deritzogu feminismoa agenda politikoan txertatzea, eta bide baten hasieran gaude. Orain arte ezkutuan egon diren ohitura eta jarrera matxistak ikusarazten ari gara, eta igarri dugu herria azaleratzen ari diren indarkeria kasu horietatik ikasten eta feminismoan kontzientzia hartzen hasia dela. Baina, hala ere, haserre gaude.

Azaroaren 25ean, Emakumeon Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean, kalera atera ginen Ez zaituztegu behar aske izatekolelopean. Beste behin ere irmoki gaitzetsi genituen sistema patriarkalak dituen mekanismoak: sistema poliziala, diskurtso hutsalak, espetxeak eta xenofobia eta morboa, besteak beste. Gure sareetan duzue A25erako Euskal Herriko Bilgune Feministak landu zuen irakurketa.

Hori dena gertatzen ari zen bitartean, paraleloki, Orion, matxismoak bere bidea egiten jarraitu du, eta hainbat erasoren berri izan dugu. Adibidez, San Nikolas festetan. Festen balorazioa "positiboa" izan den arren, eraso matxista bat gertatu zela ziur dakigu, eta ez dugu baztertzen gehiago izan ez zirenik. Festetakoez gain, beste eraso batzuen berri ere badugu, eta talde feminista bezala erantzukizuna sentitzen dugu. Beraz, argi eta ozen esatera gatoz feministok haserre gaudela, eta hortzak erakutsiko ditugula. Ez gaituzte isilduko!

Emakumeok emakume izate hutsagatik pairatzen dugun indarkeriaz nazkatuta gaude! Behin eta berriz errepikatuko dugu emakume bat erasotzen dutenean emakume guztiok erasotzen gaituztela. Kaleak eta gauak gureak direla aldarrikatzen jarraituko dugu. Espazio publikoa geureganatzeko ekintzak egiten jarraituko dugu matxismoarekin amaitu arte! Indartsu gaude eta eraso matxistei autodefentsa feministaz erantzungo diegu.

Testu hau baliatu nahi dugu esateko Xaltxerak bizirik eta indartsu gaudela. Eta, esan beharrik ez dago, Orioko emakumeok gure taldean militatzeko ateak zabalik dituzuela, noski! Kide berriak beti hartzen ditugu gustura, eta besoak zabalik hartuko zaitugu. Gurekin harremanetan jartzeko idatzi oriofeminista@gmail.com korreora, edo bestela, gure sare sozialetara. Pasa den azaroaren 25eko irakurketaren hitz berberekin itxiko dugu testu hau: Aske izateko dugun armarik zorrotzena emakumeon* artean elkar babesteko sareak dira! Ekin autodefentsa feministari!.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!